Garagarrilaren 23tik 26ra, 4.000 ordenagailu baino gehiago eta 5.000 parte-hartzaile inguru batuko ditue

Bizkaie! 2026-07-21 13:44   Kulturea

34. Euskal Encounter barrikuntzearen, teknologiaren eta kultura digitalaren topagune.

Estaduko LAN party handiena eta Europako erreferentziazko bilgune teknologikoetako bat dan Euskal Encounter topaketeak, barriro be, Barakaldoko (BEC) barrikuntzaren eta kultura digitalaren erdigune bihurtuko dau. Lau egunetan, informatikazale eta profesionalek ezagutzak konpartiduko ditue, proiektuak jorratu, lehiatuko dira eta azken joera teknologikoak ezagutuko ditue, ikasteko, esperimentetako eta alkarlanean ibilteko diseinautako ingurunean.

34. edizioak ahalmen handiko azpiegitura baten bidez konektautako 4.000 ordenagailu baino gehiago batuko ditu, eta azpiegitura horrek 70 gigabit segundoko Interneteko konexinoa izango dau Euskaltelen eskutik. Horrezaz gan, prestakuntza espezializatua, lehiaketak, sormen digitala, networkinga eta dibulgazino teknologikoa buztartuko dituen ia 200 jarduera izango dira. BECeko bilkurako ezaugarriek agirian ixten dabe, beste behin be, Euskal Encounter Estaduko ekosistema teknologikoko topagune nagusietakoa dala.

Aurtengo programeak eraldaketa digitala bultzatzen dabizen teknologia bitan jarriko dau arreta berezia: adimen artifizialean eta konputazio kuantikoan. Halan da be, ez dira alde batera itxiko zibersegurtasuna, eduki digitalak sortzea, bideo-jokoak, hezkuntzan aplikautako tresna digitalak edo sektore teknologikoak eskaintzen dituan lan-aukera barriak lako arloak.

Javier Gómez-Arrue Euskal Encounterreko atontzaile nagusiaren eretxiz, Euskal Encounter party bat baino askoz gehiago da, teknologian eta barrikuntzan oinarritutako topagunea, personak eta euren proiektuak alkarregaz lotzen dituana, teknologia gizartera hurbiltzen dauena eta teknologiaren oraina nahiz etorkizuna erakusten dituana. Era berean, nabarmendu dauenez, ohikotik harago pentsetan dauen persona-komunidadea sortu nahi dogu; teknologia eta haren aplikazinoak, ezagutzea eta sormena, eta datuak eta gizarte-eragina buztartzeko kapaz izango dan komunidadea. Holan, alkarlaneko proiektuak sustatu eta ekitaldia amaitu ondoren be bizirik iraungo dauen barrikuntza-ekosistema eregi nahi dogu.

Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan, Nerea Enbeita Euskaltel Fundazinoko zuzendariak adierazo dauenez, Euskaltel Fundazinoan 25 urte baino gehiago daroaguz teknologia personakana hurbiltzen, STEM bokazinoak sustatzen, talentua prestatetan, arrakala digitalak murrizten eta ezagutzak konpartidutako guneak sortzen. Helburu horreek guztiak batera beteten dituan jarduera batean pentsetan badot, ez jat Euskal Encounter baino adibide hoberik bururatzen. Gainera, topaketa erreferente teknologikoa da; aurten barriro be bere burua gainditu dau Euskaltelek eskaintzen dituan 70 gigabit segundoko konexinoagaz. Bere marka propioak hausi ditu, aldi berean 4.000 ordenagailu baino gehiagori konektibidadea emoteko kapaz dan azpiegitureari esker.

Bestalde, Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentua eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendariak azpimarratu dauenez, Bizkaiak aurrerapen handia egin dau digitalizazinoan, eta orain beste erronkabaten aurrean dago: teknologiak txertatzetik harago, modu estrategikoan integretea, prozesuak, produktuak eta negozio-ereduak eraldatzeko. Testuinguru horretan, gaineratu dauenez, teknologiak talentua behar dau: profil espezializatuak, baina baita ezagutza digitala enpresen benetako beharretara konektetako gai diran profesionalak be. Mariezkurrenak azaldu dau Bizkaia with the Talent foru estrategiak bokazinoak sustatzeko, gaitasunak lantzeko eta Bizkaiak eraldaketa teknologikoari aurre egiteko behar dauen talentua erakarteko lan egiten dauela, eta nabarmendu dau Euskal Encounter jakin-mina, sormena eta konpartidutako ezagutzea etorkizunerako proiektu eta aukera bihurtzen
dituan espazioa dala.

Era berean, Elixabete Garcia Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendariak zehaztu dauenez, eraldaketa digitala ez da momentu jakin bat, etenbako ikaskuntzearen, barrikuntzaren eta aukera barrien bidea baino: Teknologia barri bakotxagaz eregitako ibilbidea da. Esangura horretan, Euskal Encounterrek hiru hamarkada baino gehiagotan belaunaldi asko jakin-min teknologikoaren, ikaskuntzearen eta esperimentazinoaren inguruan batzeko izandako gaitasuna azpimarratu dau. Eraldaketa digitala gure industriaren lehiakortasunerako palanka nagusietako bat da eta helburua da teknologia barriek eskaintzen dituen aukerak barrikuntza, lehiakortasun eta Euskadirentzako aukera gehiago bihurtzea.

Kontuak kontu, sormenari, barrikuntzeari eta dibulgazino teknologikoari eskainitako ia 200 jarduera, lehiaketa eta gune izango dira.

Opengune espazioak, adimen artifizialari, konputazino kuantikoari, zibersegurtasunari, bideo-jokoei, 3D inprimaketeari, hezkuntza-teknologiari, alkartasun-ekimenei eta publiko guztientzako beste hainbat gairi buruzko berbaldi, tailer eta erakusketa-eremuak eskainiko ditu.

Euskal Encounterrek programa osoa ikaskuntza eta ezagutzearen trukea sustatzeko diseinau dau. Ateak zabalik egongo dira topaketearen giroa ezagutu eta kultura digitalean zein
teknologia barrien arloan sartu nahi daben guztientzat.

Ekitaldiaren babesleak Euskaltel Fundazinoa, Eusko Jaurlaritzea (SPRI Taldearen bidez) eta Bizkaiko Foru Aldundia dira. BBK Fundazinoak eta Euskaltelek be babesten dabe ekitaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu