Sel errekea lehengoratuko dabe

Bizkaie! 2026-07-15 07:40   Kulturea

Sopuertako Burdinmendi bide berdearen segurtasuna hobetzeko.

URA-Uraren Euskal Agentziak —Eusko Jaurlaritzako Industria, Transizino Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikia—Sopuertako udalerriko Sel errekearen ingurumena lehengoratzea bultzatuko dau, tren-azpiegitura zahar batek eraldatutako ibilguaren zati baten funtzionaltasun ekologikoa berreskuratzeko, inguruan ingurumen-baldintzak eta baldintza hidraulikoak hobetzeko, eta Burdinmendi bide berdearen segurtasuna areagotzeko.

XIX. mendearen amaieran Traslaviña eta Castro Urdiales arteko trenbidea eregi ebenean, lubeta handi bat egin eben, errekaren hirurogei metro ibilgu baino gehiago estali zituana, hormarrizko galeria baten bidez. Gaur egun, trenbide plataforma zaharra Burdinmendi Bide Berdearen zatia da.

2019ko zemendian izandako euriteek kalte handiak eragin zituen egitura horretan. Lur-jausiak, albo-hormen hausturak eta hondoratutako ganga-eremuak egozan eta, ondorioz, apurka-apurka egoerea eskasten egoan. Egitura hori sendotuz eta zarratzeko arriskuari aurre eginez, bideak kaltetzea ebitau nahi da, bai eta inguruko etxebizitzei eragingo leikioen ur-laminea handitzea be (urioletan).

Proiektuaren helburua da ibaia zaharbarritzea eta errekearen konektibidade ekologikoa hobetzea. Jarduerearen helburu nagusien artean, ondokoak nabarmentzen dira: ibilguaren jarraitutasuna
berreskuratzea, faunearentzako pasabideak atontzea, aire zabaleko ibilgu-tarteak handitzea eta tokiko ibaiertzeko landaredia trinkotzea.

Holan, errekeak erabat bete ahal izango dau korridore ekologiko lez dauan funtzinoa, hainbat espezieren mobikortasuna erraztuz eta inguruneko ingurumen-kalidadea hobetuz.

Ingurumen-onurez gan, esku-hartzeak galeria zaharraren narriadureagaz lotutako higadura-prozesuak ezabatzen lagundu eta Bide Berdearen oinarri dan lubeteari eragiteko arriskua murriztuko dau.

Kontuak kontu, URAk Sopuertako Udalak bultzatutako memoria teknikoan oinarrituta jorratutako eregite prozesua atondu eban. Izapideak egin bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak jarduketa-eremuan dagoan faunea babesteko ezarritako ingurumen-baldintzak gehitu ziran. Baldintza horreek urteko aldi jakin batzuetan lanak egitea mugatzen dabe, espezie sentikorren konserbazioa bermatzeko.

Halan da be, URAk eutsi egiten deutso Sel errekearen ingurumena berreskuratzeko konpromisoari eta gaur egun lanean dabil jarduerea bere finantziazinoagaz lizitetako, behin beharrezko
administrazino-tramitazinoa amaituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu