Funcor kooperatibeari buruzko lanak irabazi dau Ikerlari Gazteen Sariketea
2026-07-14 12:07 KultureaAndu Allande Moreno Basabe elorriarrak irabazi dau.
Elorrion bertan sortutko Funcor kooperatibari buruz egindako ikerketa lanagaitik saritu dabe: Kooperatibismoa. Kapitalismoaren barneko argi-izpi hutsala. Funcor kooperatibearen ibilbidea ardatz hartuta eginikoa da aurkeztutako lana.
Gerediaga Elkarteak 2022an ipini eban martxan sariketea, Durangaldeko ondarea, historia, kulturea eta gizartearen jagoletzea, ikerketea eta zabalpenaren aurreko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuagaz. Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesari esker egin da aurten be lehiaketea eta horregaitik, Idoia Otaduy presidentea be egon da Morenori saria emoteko hitzorduan, Gotzon Gomez Gerediagako presidenteagaz batera. 1500 euroko saria jaso dau elorriar gazteak.
Funcor kooperatibea
1955etik aurrera, Euskal Herrian hainbat proiektu kooperatibista jarri ziran martxan eta giro horretan sortu zan Elorrion Funcor kooperatibea, Andoni Esparzaren eskutik. Esperientzia emonkorra izan zan, 1970era arte iraun ebalarik. Galdategia edota nekazal makinaria saltzeko fabrikea zan baina beste hainbat egitasmoren sustatzaile be izan zan: euskerazko herriko lehen ikastolea, arte unibersidadea, txirrindulari talde profesionala, Laboral Kutxa, edota Ama Lur euskerazko lehen film luzea, besteak beste.
Funcor kooperatibearen eragina aztertzeko eta historia batzeko zenbait lan egin izan dira azken urteetan eta 2022an jardunaldiak be egin ziran Elorrion. Orain, Andu Allande Moreno Basaberen ikerketeak beste ikuspegi bat eskaintzen deutso kontakizunari: Funcorrek Elorrion izandako eraginean jarten dau begiradea eta horretarako orduko testuinguruaren azterketea egiten dau.
Epaileak
Edizino honetako epaimahaian izan dira Iune Ruiz Tagle, Iruri Altzerreka Martinez eta Peru Bilbao Lasa. Euren eretxiz, Morenoren lanak Durangaldeko historia garaikidearen pasarte garrantzitsua jorratzen dau: ondo egituratua dago, bibliografia anitza dauka eta aurrez idatziz dokumentau bako informazinoak be jasoten ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
