EHUko tituludunen % 92k lana topetan dau ikasketak amaitu ondoren

Bizkaie! 2026-07-13 12:18   Pil-pilean

Lehen enplegua 3 hilabete baino gitxiagoan topetan dabe.

Enplegu maila handia, langabezia-tasa txikia, lan-merkaturatze azkarra eta ikasketen eta okupazinoaren arteko egokitzapen handia dauka Euskal Herriko Unibersidadeak. Hola erakusten dabe, beste behin be, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako laneratzeari buruzko azken azterlanak. Titulazinoei jagokenez, Osasun arlokoek eta ikasketa teknikoek dabe enplegagarritasun handiena, baita kontratuen egonkortasunean be.

Euskal Herriko Unibertsidadean ikasketak 2022an amaitu zituen 4.400 ikasle ohien artean egindako inkesten emoitzek berretsi dabe EHUren enplegagarritasun maila altua. Okupazino tasea (ordaindutako lana daben personen ehunekoa persona aktibo danakaz alderatuta) % 92 dala ondorioztatzen dau Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako azterketeak; aurreko azterlanean baino % 2 altuagoa. Bestalde, lanean dabizanean artean, ikasketakaz lotutako arloan dabiz 10etik ia 8 (% 78k). Horrezaz gan, azpimarragarria da lanean dabizanen % 58k lan egonkorra dauela, kontratu mugabakoa, autonomo edo kooperatibista lez. Soldatapekoen % 77k besteren kontura egiten dau lan. Soldatapekoen artean, % 56k kontratu finkoa dauka eta behin-behineko kontratua, barriz, % 44k. Era berean, lanaldi osoan dabil biztanleria okupatuaren % 80 eta partzialean, % 20.

Soldatei jagokenez, Lanbideren txostenera batutakoen datuen artean, lanaldi osoko batez besteko soldata garbia 1.877 eurokoa da hilean (14 ordainsaritan). Halan da be, genero-arrakaleari eutsen jako: gizonen batez besteko soldatea 1.931 eurokoa da, eta emakumeena 1.834 eurokoa.

EHUko tituludunek azkar egiten dabe lan-merkaturako jauzia. Ikasketak amaitu eta lana bilatzen hasten diranetik, batez beste, 3 hilabete baino gitxiago behar izaten ditue lehenengo enplegua topetako. Gainera, gehienez be, hamar hilabete igaroten dira ikasketak amaitu eta lanean hasi bitartean.

Kontuak kontu, Lanbideren txostenak euskerearen garrantzia azpimarratzen dau. Inkestatuen % 41ek adierazo dau euskerea beharrezkoa izan dala lanpostua eskuratzeko eta beste % 23ri be positiboa begitandu jaken. Bestalde, C1 edo C2 ziurtagiria egiaztatu dau % 54k eta, datu azpimarragarri bezela, euskerea darabil ohiko lan-hizkuntza bezela % 52k.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu