URAk eta Sopelako Udalak Urkoko ibarrean herritarren gozamenerako hezegunea sortuko dabe
2026-07-10 10:44 Pil-pileanBiodibersidadeari mesede egingo deutson aintzira natural bihurtzea da asmoa.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Transizino Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziak eta Sopelako Udalak Urko ibarreko ingurumena lehengoratzeko eta paisajea egokitzeko lanei ekin deutsee. Jarduketa horri esker, uri-hezegune berezia sortu ahal izango da udalerrian, eta Gobela eta Lemotza ibaien arteko espazio baten balio ekologikoa hobetuko da.
Esku-hartzea 10.000 metro koadro inguruko eremuan egingo da, udal kiroldegiaren eta Ugeragako futbol-zelaiaren parean. Bertan, aintzira edo urmael iraunkor handi bat sortuko da, askotariko sakonera, ugarte eta faunarentzako babeslekuakaz.
2023tik URAk eta Sopelako Udalak alkarregaz landutako proiektuak 3.000 metro koadro baino gehiagoko ur-xafla iraunkor bat sortzea aurreikusten dau. Xafla hori askotariko sakonerakaz diseinau da: uretako hegazti, anfibio, narrasti eta hezeguneei lotutako insektuentzat egokiak diran habitatak sortzeko. Gainera, faunarentzako atsedenerako ugarte txikiak eta espezie askoren babesleku izango diran egitura naturalak prestauko dira.
Obrearen helburua da ingurunean dagozan espezieen biodibersidadea hazi edo handi egitea eta Sopelako uri-bilbean integrautako natur-gunea finkatzea: klima-aldaketara egokitzeko zein herritarrei natureagaz hartu-emonetan jarteko espazioak eskaintzeko.
Gaur egun, sastrakak kentzeko eta lurrak prestetako hasierako lanak atontzen dabiz eskuz eta gaika egingo dira, fauneari ahalik eta kalte gitxien eragiteko eta natura-elementu interesgarrienak babesteko.
Fase hori amaitutakoan, hainbat zundaketa egingo dira lurraren karakterizazinoa osotzeko eta, ondoren, lur-mobimentuak hasiko dira, aintzira barriari formea emoteko. Aurreikuspenen arabera, lanak udako hilabeteetan izango dira.
Proiektuak landare-espezie inbaditzaileak kentzea, baso atlantikoetako berezko tokiko landaredia lehengoratzea eta oinezkoentzako bide barri bat sortzea dira asmoak: ingurunera hurbildu eta berreskuratutako espazio horretaz gozetako aukerea emoteko. Aurreikusitako landaketek ibai-ibilguen eta Urkon dagozan hezeguneen arteko jarraitutasun ekologikoa erraztuko dabe.
Jarduerea zehatz tokiko balio naturalak kontuan hartuta diseinau da. Egindako azterlanen arabera, konserbazinorako interesgarriak diran hainbat espezie dagoz eta hezeguneei lotutako intsektu, hegazti eta fauna ugari. Hori dala eta, obrek balio horreek babesteko neurri espezifikoak hartzen ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
