Mamarigako umeentzako eskola barria martxan
2026-07-10 07:45 KultureaSanturtzin plaza publikoak 135 diralarik.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak eta Itziar Carrocera Santurtziko alkateak Mamarigako Haurreskola barria bisitau dabe. Zentroak maiatzaren 18an edegi zituan ateak, eta 0 urtetik 2 urtera bitarteko hezkuntza-arretako sare publikoa zabaldu dau udalerrian. Bisitan, ordezkari biek instalazinoak eta espazioak ezagutu ditue eta hezitzaile taldeagaz zentroaren funtzionamenduaren lehen hilabeteei eta Santurtziko familiei emoten deutsen zerbitzuari buruz berba egin dabe.
Ekipamendu barri hori, Haurreskolak Partzuergoaren bidez, Santurtziko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzearen arteko lankidetzearen emoitzea da. Alde horretatik, Hezkuntzako sailburuak nabarmendu dauenez, Haurreskolak sare publikoa zabaltzen jarraitzeko Eusko Jaurlaritzearen eta udalen arteko lankidetza horren balioa nabarmena da, Santurtzin Haurreskola barri hau edegiteak erakusten dau erakundeen arteko lankidetzeak oinarrizko zerbitzu publiko bat familiei hurbiltzeko aukerea emoten dauela.
Bestalde, Begoña Pedrosak azpimarratu dau Haurreskolen dobakotasunak hezkuntzarako sarbide unibersala lortzen aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzen dauela edade goiztiarrenetatik, eta bizitzako lehen urteetatik bertatik desbardintasunak murrizten laguntzen dauela: Euskal Autonomia Erkidegoko 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza-eredua hiru oinarri nagusitan bermatzen da: zerbitzuaren dobakotasuna, haren hezkuntza-izaera eta aukera-bardintasunari egiten deutson ekarpena. Haurreskolen sare publikoak ingurune seguru, hurbil eta hezitzailea eskaintzen deutse umeei, hareen ondoizatea, garapen emozionala eta lehen ikaskuntzak laguntzeko. Bizitzako lehen urteak erabagigarriak dira umeen garapenerako; horregaitik, etapa honetan edukazino prozesua jagoteko eta aukera gehiago eskaintzeko modu bat da, adierazo dau.
Bestalde, Itziar Carrocera Santurtziko alkateak balioetsi dauenez, haur-eskola barri hau edegiteak (udalerriko hirugarrena da) esan nahi dau Mamariga auzoko familiek kalidadezko, oinarrizko eta gertuko zerbitzu barri bat izango dabela, lana eta familia konzilietan lagunduko deutsena eta, gainera, umeen eta familien ondoizatearen aurrean gure konpromisoa indartzen dau.
21 plaza barri
Mamarigako Haurreskola berria Mamariga Kulturguneko beheko pisuan kokatu da, aurretik ludotekarako erabilten zn espazio bat egokituta, eta ludoteka udal-ekipamenduan bertan birkokatu da. Zentroak 21 plaza eskaintzen ditu 0 eta 1 urte bitarteko neska-mutilentzako 8 plazako gela batean eta 1 eta 2 urte bitarteko 13 plazako beste gela batean banatuta.
Proiektuaren barruan sortu dira sarrera independentea Elias parrokoaren plazatik, bertako umeentzako baino ez dan olgetarako gune bat eta erabilera anitzeko areto bat, eta, horrezaz gan, instalazinoen egokitzapen integrala be egin da, ingurune moderno, irisgarri, seguru eta funtzionala bermatzeko, umeen lehen urteetako garapena eta ondoizatea bultzatzeko.
Zentro barri honegaz, Haurreskolak Partzuergoak gaur egun 135 plaza publiko eskaintzen ditu Santurtzin, Emilia Zuza Brun eta Mirabuenoko ume-eskoletan eta Mamarigako zentro barrian banatuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
