Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) V. mendeurrena ospatzeko erakusketa ibiltaria Durangon amaituko da
2026-07-09 12:37 KultureaBilbo, Balmaseda, Bermeo, Portugalete eta Galdakao lako herriak bisitau eta gero.
Erakusketea garagarrilaren 19ra arte egongo da Durangoko Landako Gunearen zabalgunean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiak erakundeak autogobernuaren zutabe hori zabaltzeko aurreikusitako egutegia betez.
Ekimenaren helburua da orain dala 500 urte onartutako Bizkaiko nortasunaren eta demokraziaren oinarria dan testuaren garrantzia herritarrei hurreratzea.
Diseinu bisuala eta irisgarria daben gaikako hamar panelen bitartez, bisitariek bidaia egin leikie autogobernuaren mugarrietatik: Jaun Zuriaren legendatik hasi eta 1526an Gernikako Arbolearen azpian testua onartu zan arte.
Erakusketeak bere garairako oso aurreratuak diran alderdiak nabarmentzen ditu, emakumearen parekatze juridikoa, habeas corpus-a eta herentzien erregulazinoa, besteak beste. Oinarrizko kontzeptuak be azaltzen ditu, horreen artean foru baimena eta Ekonomia Ituna sortuarazo eban fiskalidade sistemea, John Adams AEBetako Konstituzinoaren aitak Bizkaiko erakundeen aurrean erakutsi eban interesa be aitatuz.
Aldi berean, erakusketearen eukiak bersino murriztua dau Metro Bilbaoren sarerako. Bagilean Gurutzetako geltokian egon eta gero, bersino hori Eliptikoa (lehengo Moyua) izentautako geltoki barrira lekualdatu da, eta horri esker, metroaren erabiltzaileek euren joan-etorrietan ondare historiko hori ezagutzeko aukerea izango dabe.
Modu berean, Foru Liburutegian, Bilbon, Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) V. mendeurrena ospatzeko erakusketea egongo da zabalik abuztura arte. Erakusketa hori teknikoa eta zientifikoa da eta aditu eta ikertzaileentzat dago diseinauta. Bertan, balio historiko handiko beste pieza batzuen artean, Bizkaiko Foru Barriaren (1526) jatorrizko liburua dago ikusgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
