Madame Señorita konpainiaren 'HERZ. Desde lo más profundo de la patata' komedia Bilbon

Bizkaie! 2026-07-09 09:45   Kulturea

La Fundición Aretoaren 40. urteurreneko ospakizunei hasierea emoteko.

Erretratua: © Stuart MacDonald. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko La Fundicion Aretoak, sortu zanetik (1986. urtearen amaieran) lau hamarkadaren ostean, Aste Nagusian ateak edegiko ditu abuztuaren 26tik 30era eta HERZ. Desde lo más profundo de la patata antzezlanaren emonaldiak eskainiko ditu egunero. Paula Valluerca gasteiztarrak sortutako euskal eta londrestar Madame Señorita konpainiaren azken sorkuntzea da.

La Fundición, sortu zanetik (1986an), Estaduko eszenatoki nagusietako bat izan da sorkuntza eszeniko garaikiderako, produkzino independenteetarako, ikerketa eszenikorako eta zirkuitu konbentzionaletatik kanpo lan egiten daben artista eta konpainietarako. Orain, Aste Nagusiko programazinorako, Aretoko arduradunek azaldu dabenez, ikuskizun berezia aukeratu dau: bikain dator ikuskizuna bai jaien programazinoagaz -ondo pasetako, barre egiteko eta alkarregaz esperientziak konpartiduteko-, bai orain lau hamarkadatatik gaurdaino gure antzokian eusten deutsagun arlo artistikoagaz -ahots propioa daben sortzaileak, proposamen ausartak dituanak, ikuskizunen sail konbentzionalenetatik kanpo euren bidea bilatu eta topetan dabenakaz-. Azken buruan, HERZ. Desde lo más profundo de la patata antzezlanean, umorea eta gozamena ez dira bateraezinak barrikuntzeagaz eta eszena egiteko modu barriakaz.

Paula Valluercak (Gasteiz, 1987) hamarkada bat baino gehiago emon dau Londresen biziten. Bertan, Madame Señorita konpainia sortu eta Britainia Handiko eszena alternatiboagaz lotutako ibilbideari ekin eutson; holan, sortzaile arabarra clown garaikidearen ahots berezienetako bat bihurtu zan, eta ikuskizunak eskaini zituan Erresuma Batuko uriburuan eta Europako hainbat jaialditan, berbarako, Edinburgoko Fringe izenekoan. Paularen ikuskizunek umorea, kabareta, antzerki fisikoa, performancea, drag unibersoa edo txotxongiloak buztartzen ditue, beti bere barregarrikeriaren kontzeptua esploretako eta gizarteko arauak dudan jarteko, olgetatik, absurdutik eta probokazinotik ekinez, Valluercaren eretxiz.

HERZ. Desde lo más profundo de la patata ikuskizunaren ibilbide arrakastatsua orain dala urte bi hasi zan, Londresko Soho Theatre antzokian erabat estreinau zanean (ingelesez), London Clown Festival-ek hautatu ondoren –Europako clown erakustoki nagusietako bat–. Ordutik, konpainiak areto independenteetan eta jaialdietan izan da hainbat herrialdetan, esaterako, Erresuma Batuan, Eskozian, Alemanian edo Txekiar Errepublikan, eta gaztelaniaz Madrilen, Iruñean edo Bilbon egon da ikusgai (Bilboko La Fundición Aretoak berak 2025eko bagilean programau eban, erantzuna bikaina izan zalarik). Eta aste honetan bertan, garagarrilaren 11n, Ingalaterran antzeztuko da barriro be.

Antzezlana hiru emakumek sortu dabe: Valluerca berak, egilea eta antzezlea danak, ez ezik, Roisin O 'Mahony zuzendari londrestarrak, antzerki fisikoan eta komedian espezializatuak -Estaduan Teatro En Vilo konpainiagaz antzezle lez egindako lanagaitik be ezaguna-, eta Betitxe Saitua diseinatzaile bizkaitar ospetsuak, jantzietaz arduratu danak, be. Persona bakarreko komediak heroiaren itzulerearen mito klasikoa dau oinarri, bere buruari galdetzeko zer jazoten dan persona batek bere bideari ekiterakoan zituan itxaropenak azkenean lortutakoaren errealidadeagaz bat ez datozenean. Oholtzan, Valluercak personaia irrigarri baizen maitagarria antzezten dau, etxera itzultzean, bere amesei, arrakastearen kontzeptuari eta guztiok gizartearen aurrean jarten ditugun mozorroei aurre egin beharko deutse, azaldu dau.

Izan be, holan definidu dau egileak berak ikuskizuna: huts egindako personaia eta bere zentzunbakokeriak protagonista dituan zurrunbilo kaotikoa. Antzezlanak lengoaia eszeniko fisiko eta keinu bidezkoa zabaltzen dau, clown garaikidea beste diziplina batzuetako baliabideak eta, batez be, umorerik zentzunbakoena erabilten ditu. Emoitzea, barre-algara eta autoesplotazinoari, kide izateko beharrari, harropuzkeriari, bekaizkeriari edo askotan norberarenak inoiz izan ez diran itxaropenak beteteko presinoari buruzko hausnarketea aldizkatzen dituan piezea: neure lotsak erakutsiz, katarsi kolektiboa eragin nahi dot, ikusleak zoriontsu egiteko, zehaztu dau.

Aste Nagusiko programazino berezi horren eskutik, La Fundición Aretoak euskal ikusleei aukerea emon nahi deutse jardunbide gehiena Ingalaterran landu dauen arren, antzezlanak Euskadiko agertokietan jokatzen hasiak dituan kalidade goreneko sortzaile garaikide bat ezagutzeko, Deustuko Aretoko arduradunek nabarmendu dabenez. Emonaldiak 20:30ean hasiko dira, eta ordubete inguruko iraupena izango dabe. Asmoa da, ikuskizunak amaitu ostean, nahi dabenek gaua luzatzeko aukerea eskaintzea, zeozertxu jan edo edanez eta, estutasunik barik, Aste Nagusiko su artifizialez gozetako aukerea izan deien, aretoko Itsasadarraren gaineko terrazatik bertatik, Iberdrola Torrearen eta Euskalduna Jauregiaren bista zoragarriak baitagoz gainera.

Sarrerak

Txartelak (18 euro + gastuak) salgai dagoz daborduko La Fundición Aretoaren webgunean eta Kutxabank Sarean. Era berean, emonaldien egunetan be erosi ahal izango dira aretoko txarteldegian, antzezlanaki hasi baino ordu eta erdi lehenago. Udako programazinoa, gainera, jarduera berezien programearen atarikoa da. Horren bidez, aretoak bere 40. urteurrena ospatuko dau, 2026. urte amaierara arte. Laster iragarriko da programa.

Zehetasun gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu