Udea familia getxotarrakaz emongo daben ume sahararrak gurean dira

Bizkaie! 2026-07-09 08:52   Kulturea

Oporrak Bakean ekimen solidarioan parte hartzen dabe.

Udako hilabeteak familia getxotarrakaz emoteko heldu diren lau adin txikiko saharar hartu ditue Amaia Aguirre alkateak eta udalbatzako talde politikoen ordezkariek, Getxoko Udaleko Udalbatza Aretoan. Argeliako Tindoufeko persona errefuxiatuen kanpamentuetatik heldutako umeek Oporrak Bakean ekimen solidarioan parte hartzen dabe, udalerrian ATFAL, Sahararen aldeko Getxoko alkarteak atonduta, Udalaren laguntzeagaz.

Datozen asteotan harrerako familia getxotarrakaz biziko dira umeak eta berton dagozan bitartean osasun azterketetara joateko, euren bizi baldintza gogorretatik denporaldi batez urruntzeko eta beste bizimodu eta kultura eta hizkuntza berezia ezagutzeko aukerea izango dabe, herritar getxotarrak sensibilizeteagaz batera. Umeei ondoetorria emon ondoren, alkateak eskerrak emon deutsee euren lanagaz ekimena posible egiten dauen ATFAL alkarteari eta harrera familia beren konpromiso solidarioagaitik: zuon konpromisoa eredugarria dalako, zuon lana bizitza irakaskuntzea dalako, zehaztu dau A. Aguirrek.

Beste alde batetik, Fatma Brahim-Salem Jatri, Fronte Polisarioko Euskadiko ordezkariorde eta Oporrak Bakean programako arduradunak be eskerrak emon deutsee harrerako familiei, Udalari eta ATFAL alkarteari saharar umeentzat dan proiektu izarra babesten jarraitzeagaitik, desertu siku eta bildurgarria dan horreratik eta beren herrialdea berreskuratzeko orain 50 urtetik daroen burrukatik urruntzeko oporrak diralako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu