Euskerearen garapena eta gizarteratzea bultzatzeko konpromisoa berretsi dabe

Bizkaie! 2026-07-09 08:29   Kulturea

Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak.

Juan Mari Aburto eta Andres Urrutia. | Ikusi handiago | Argazki originala





Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak hogei urte baino gehiago emon ditue alkarlanean, euskerearen garapenagaz eta gizarteratzeagaz daben konpromisoa sendotuz eta berrezarriz. Bart, konpromiso hori berretsi dabe beste behin, urteko lankidetza-hitzarmena izenpetuz. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dabe hitzarmena.

Andres Urrutiak hitzarmenaren onurak aletu ditu agerpenean eta ondokoa gogoratu dau: ekimenez bete ziran aurreko hitzarmenak eta orain be beste horrenbeste jazoko dala: berbeak berba, hortxe dagoz erakunde bien arteko ekimenak, euskerea hainbat erakustaldiren bidez zabaltzeko eta gizarteratzeko eginikoak: antzerki-lanak, jardunaldiak, argitalpenak, sare sozialen inguruan eta ingurune digitalaren inguruan eginikoak.... Berbaldian, euskaltzainburuak keinu txiki bat egin deutso alkateari: Bilbotik gabiz eta Bizkaia eta Euskal Herria ditugu jomugak. Beraz, jarraikortasuna eta, aldi berean, barriztatze aukerak jorratzen eta aztertzen gabiz eten barik. Aurten, Juan Mari Aburtori eskerrak emotea da legezkoa, modu berezian, gainera, Euskaltzaindiagaz erakutsi dauen atxikipenagaitik eta hitzarmen honi emon deutson bultzadeagaitik. Berari eskerrak baita aintzat hartu ditualako Euskerearen Akademia eta honen eraginkortasuna eta, zer esanik ez, argi adierazo nahi deutsagu abegikor hartuko dogula beti Plaza Barrian eta, zelan ez, aurrerantzean be erakundeagaz lan egiteko ateak zabalik dituala, parez pare.

Juan Mari Aburtok adierazo dauenez, akordio hau oinarrizko pausua da Bilbon euskerearen garapenean eta gizarteratzean aurrera egiteko; hitzarmenak hizkuntza-aholkularitzea eskaintzen deutso Udalari eta hizkuntzea bizibarritzeko eta gure kulturea zabaltzeko hainbat ekimen atontzen ditu.

Hona hemen 2026ko hitzarmenaren arlorik garrantzitsuenak:

  • Euskaltzaindiak Bilboko Udalari laguntzea eta aholkularitzea emon deutsoz, euskerearen normalizazinoaren eta garapenaren arloan, bai hizkuntzeari berari jagokonez, bai eta hizkuntza gizarteratzeko lanetan be.
  • Euskaltzaindiak bere egoitzako zerbitzu orokorrak erabiliz, alkarte, erakunde eta herritarrek eskatzen deutsiezan informazino, aholkularitzea eta laguntzea eskaini ditu.
  • Bilbok euskerearen indarbarritzean dauen garrantzia aintzat hartuta, Bilboko Udalagaz lankidetzan, Euskaltzaindiak, Bilboko Plaza Barriko 15ean daukan egoitzako zerbitzuak eta azpiegiturak eskaini ditu euskerearen erabilerea indartzeari, euskerazko sorkuntzeari eta euskal kulturearen zabalkundeari lotutako hitzaldi, kantaldi, errezitaldi, erakusketa, aurkezpen, kultura ekintzak eta bestelakoak atontzeko.
  • Zezeilean, Lautan hiru antzerki txikia, festibal handia egitasmoaren zortzigarren edizioa atondu eban Euskaltzaindiak, Bilboko Zazpikaleetako eragileakaz batera (Tartean konpainia, BIRA Kultura eta 7Katu Gaztetxea). Ikuskizunak zezeilaren 5ean, 12an, 19an eta 26an izan ziran.
  • Euskerazko antzerki sorkuntzea zein produkzinoa sustatzeko laguntzearen zazpigarren deialdia egin da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu