Mungiako Katetxen eta San Inazioko etxe-taldean mural barri bi estreinau ditue

Bizkaie! 2026-07-09 07:36   Kulturea

Nazinoarteko artista Mikele Irazusta da obren egilea, euskal kultureagaz lotura estua dauen ibilbideagaz.

Mungiako Udalak arte urbanoa erabili dau udalerriko memoria historikoa berreskuratzeko eta herria edertzeko. 

Muralak Katetxen eta San Inazioko kalean dagoan etxebizitza multzoan dagoz, Bermeo bidearen bidez herrirako sarrera nagusietako batean.

Katetxeko murala eraikinaren antxinako funtzino eta erabileran oinarrituta dago, merkantziak udalerrian sartzeko zergak ordaintzeko nahitaezko pasabidean, hain zuzen be. Gaur egun, foroen eta teknologia barrien lekua da, udalerrian dauen inportantzia historiko eta sozialari balioa emoanez. Esku-hartzeak espazio horri lotutako memoria kolektiboa indartu eta herritarrei artearen eta ondarearen arteko topagunea eskaintzea dau helburu.

Bestalde, San Inazio etxe-taldean dagoan murala, herriaren sarrerako fatxada ikusgarrienetako batean kokatua, Goggomobil ikonikoa fabriketan zan antxinako tailerraren historia gogora ekarten dau, Mungiako tradizino industrialagaz eta garapen ekonomiko eta sozialaren oinarrizko etapa bategaz lotuz.

Lan biak parte-hartze prozesuen bidez bultzatutako proiektu baten parte dira, eta udalaren jarrerea indartzen dabe herritarren parte-hartzea espazio publikoa eraldatzeko tresna legez.

Muralei esker, ibilbide berezia sortzen da, tokiko nortasuna indartzen dauena eta arte urbanoa, memoria eta konpartidutako historia lotzen dituana.

Lanak Mikele Irazusta artisteak egin ditu, nazinoarteko proiekzinoa eta euskal sustraiak dituan sortzaileak. 2025ean Markina-Xemeinen murala egin eban VIII. Euskal Diasporearen Egunaren harian. Irazustaren lana Street Art Cities plataformeak Espainiako 15 grafiti nabarmenenen artean hautatu eban eta urte haretako munduko mural onenen artean lehiatu zan, muralismo garaikidearen erreferente bezela sendotuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu