Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak kontzertu bigaz amaituko ditu 50. urteurreneko ospakizunak
2026-07-08 11:35 KultureaGaragarrilaren 10ean, Belek eta Mugi Panderoak taldeak izango dira.
Barikuan, garagarrilaren 10ean, amaituko dira Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadearen 50. urteurreneko ospakizunak. Horretarako, Belek eta Mugi Panderoak taldeak kontzertu bana eskainiko dabe, 18:30ean eta 20:00etan, hurranez hurran.
Hasteko, Beleren txandea izango da. Lide Hernandoren, Liher taldeko abeslari ohiaren, bakarkako lana da Bele eta soula, R&Ba eta pop uritarra nahasten ditu. Mugi Panderoa erromeria-taldea arduratuko da amaieraz, musika alaiagaz eta herri-jaietan ohikoa dan jai-giroagaz.
Kontzertuak doban izango dira, jenteari edegiak: bai unibersidade-komunidadeari, bai herritarrei be.
AS Fabriketik Eskoriatzara
Kontzertu horreez gan, fakultadearen campus guztietatik igaroko dan ibilbidea atondu dabe unibersidadeko langileek. Bihar —garagarrilak 9— hasiko da, Bilbao AS Fabriken; piraguaz, bizikletaz eta oinez, Arrasateko Udala auzoraino helduko dira parte-hartzaileak. Amaierea hilaren 19an izango da: parte-hartzaileek Udalatik Eskoriatzara bitarteko bidea egingo dabe, Aretxabaletako campusetik igarota.
Ibilbidea:
Garagarrilak 9
- Piraguaz: Bilbao AS Fabriketik Abusura [urterea Itsasmuseumetik, 11:00etan].
- Bizikletaz: Abusutik Apatamonasteriora [gitxi gorabehera, 12:30ean].
- Oinez: Apatamonasteriotik Udalara (Arrasate) [gitxi gorabehera, 17:00etan].
Garagarrilak 10
- Oinez: Udala auzotik (Arrasate) Aretxabaletako campusera [hasiera, 8:30ean].
- Oinez: Aretxabaletako campusetik Eskoriatzako campusera [gitxi gorabehera, 11:00etan].
50 urteko ibilbidea
Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak 50. urteurrena ospatu dau ikasturte honetan, eskaintza akademikoan eta ikerketa-jardueran lantzen diran arloen araberako urte osoko programa baten bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
