36. KalekaK Lekeitio artez, emozinoz eta nazinoarteko sorkuntzaz bete dau
2026-07-08 07:40 KultureaKale arte garaikidea Lekeition, nazinoarteko proposamenak eta herritarren parte-hartzea buztartuz


36. Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiak upealako erantzuna izan dau garagarrilaren 3tik 5era herriko kaleak, plazak eta espazio publikoak arte eszeniko garaikideen agertoki bihurtu ostean. Hiru egunetan, publikoak antzerkia, zirkua, jantza, instalazino artistikoak eta parte-hartze proposamenak gertutik biziteko aukerea izan dau, tokiko zein nazinoarteko konpainien eskutik. Aurtengo edizinoan Kanada, Frantzia, Italia, Brasil, Andaluzia, Katalunia eta Euskal Herriko sortzaileek osotutako 10 ikuskizun eta instalazino aurkeztu dira. Programazinoak harrera beroa izan dau, emonaldi askotan publiko ugari batuz eta Lekeitioko kaleak kultur topagune bihurtuz.
Jaialdia Berceurs du Temps konpainiaren Bercer le temps instalazino poetikoagaz abiatu zan. Herritarrek grabautako kumako-kantuak eta kulunka-jarlekuak nahastauta, denporea gelditzeko konbita egin eta astegoien osoan zehar publikoaren parte-hartzea sustatuz.
Lehen eguneko programeak Bitsa Konpainiaren Haritik Tiraka lana ekarri eban. Eguneroko bizitzako persona anonimoen istorioei balioa emoten deutsen antzezlan hunkigarriak ikusleen enpatia biztu eban. Ondoren, Circ Vermut konpainiaren La Paradeta ikuskizunak malabareak, orekea eta umorea buztartu zituan, plazea zirku-gune bihurtuz. Gauari amaiera eman zion UpArte konpainiaren Desprovisto piezeak; zirku garaikidearen bidez zaurgarritasunaz, aldaketaz eta aurreretxiez hausnartzeko konbita egin eban.
Zapatuan, Cia Moveoren Bailar Solo Es Un Rollo proposamen parte-hartzaileak publikoa jantzan jarri eban, isolamenduari aurre egiteko esperientzia kolektibo eta ludikoa eskainiz. Arratsaldean, Mumusic Circus taldearen Circo de los Sentidos esperientzia murgiltzaileak espazioa eta perzepzinoa beste begirada batez biziteko aukerea emon eban.
Egun berean, Quase Cia brasildarraren Todo lo que tus oídos insisten esku-hartze artistikoak entzute aktiboa eta espazio publikoan sortutako hartu.emonak jarri zituan erdigunean, ikuslea obrearen parte bihurtuz. Ondoren, Cia Bruboc italiarraren WOOW! ikuskizun ibiltariak clown lengoaia, umorea eta poesia buztartu zituan edade guztietako ikusleen artean irribarreak sortuz. Zapatu gaua Compagnie Bivouac talde frantsesaren Gaïa ikuskizun ikusgarriagaz amaitu zan; mobimentuan egoan eszenografia baten gainean, orekea, akrobazia eta poesia bisuala nahastauta.
Domekan, WOOW! ikuskizunak portuko kaleak zeharkatu zituan barriro be, publiko barriak erakarriz, eta Haatik konpainiaren IOI jantza garaikideko piezeak emon eutson amaierea aialdiari. Soinua, mobimentua eta espazio publikoaren erabilera bereziak emonez, amaiera poetiko eta indartsua eskaini eutson aurtengo edizinoari.
Jaialdiaren atontzaileek eskerrak emon deutsee parte hartu daben konpainia guztiei, boluntarioei, babesleei, erakunde laguntzaileei eta ikusleei, astegoien osoan erakutsitako harrereagaitik eta parte-hartzeagaitik. Euren konpromisoari esker, Kaleka barriro be kale arteen erreferente izan da Euskal Herrian.
36. edizinoak berretsi dau Kaleka ez dala bakarrik ikuskizunen programazino bat: sorkuntza garaikidearen, nazinoarteko trukearen eta komunidadearen arteko topagunea da. Urtez urte, jaialdiak Lekeitio mapa kulturalean kokatzen jarraitzen dau, kalidade artistikoaren, barrikuntzearen eta herritarren inplikazinoaren aldeko apustu sendoari eutsiz.
Edizio honen sekulako erantzunak datorren urteari begira lanean jarraitzeko gogoa eta ilusinoa indartu ditu. Jaialdiak hurrengo urtean kalea barriro be artearen, emozinoen eta alkargunearen agertoki bihurtzeko erronkeari helduko deutso, Lekeition kale arteen ospakizunak bizirik jarraitu daian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
