Bilbok Kaleko Antzerki eta Arteetako 15 konpainia batuko ditu Aste Nagusian
2026-07-07 13:00 KultureaAbuztuaren 23tik 30era Bizikidetasun Plazan eta Doña Casilda Parkeko Pergolan.
Bilboko Udalak atondutako programazioak Euskadiko 4 konpainia, Estaduko 8 eta nazinoarteko 3 batuko ditu, zirku garaikidea, antzerki bisuala, clowna, magia, akrobaziak eta inprobisazinoa buztartzen dituan edozeinentzako proposamenak.
Umorea, emozinoa eta publikoaren parte-hartzea dituen ikuskizunak datoz eta konpainiek egunerokotasuna, bizikidetzea, aniztasuna, teknologia edo norberaren eraldaketea lako gaiei buruz hausnartzeko animauko dabe publikoa, kaleko arteek harritzeko, hunkitzeko eta espazio publikoa edade guztietako personentzako topagune eta gozamenerako gune bihurtzeko daben gaitasuna erakutsiz.
Egitarauari erreparauta, Cia Trotamundos euskal konpainiak Finito-Infinito ikuskizuna eskainiko dau abuztuaren 23an, domekan, 12:30ean, Bizikidetasun Plazan. Jardunaldiak jarraipena izango dau Bot Project valentziar eta kataluniar konpainiaren Collage 2024 ohe-elastikoen ikuskizunagaz; akrobaziak, umorea eta orekea osogai dituan proposamena 19:30ean izango da Pergolan. Eguna amaitzeko, Madrilgo Al Tran Tran konpainiak Los trovadores urbanos eskainiko dau 21:15ean Bizikidetasun Plazan; publikoaren proposamenetatik ekinez sortutako musika-inprobisazinoko ikuskizuna.
Abuztuaren 24an, Bot Project konpainiak Collage 2024 obrearen bigarren emonaldia eskainiko dau 21:15ean Bizikidetasun Plazan. Bestalde, Txema Muñoz (Katalunia) artisteak Gota ikuskizuneko magia eta antzerki bisuala hurbilduko ditu, 12:30ean Bizikidetasun Plazan eta 19:30ean Pergolan izango diran ikusakizunetan.
Abuztuaren 25ean Pere Hosta (Katalunia) artista izango da protagonista: Woof clown ikuskizunean txakurren unibersoa taularatuko dau, 12:30ean Bizikidetasun Plazan eta 19:30ean Pergolan. Gau berean, 21:15ean, Nacho Flores (Katalunia) izango da Bizikidetasun Plazan Domte zirku garaikideko piezeagaz, iruditeria mitologikoan inspirautako proposamenagaz.
Abuztuaren 26an, eguaztenean, Colectivo Mur (Katalunia) konpainiaren txandea izango da eta giza hartu-emonei eta aniztasunari buruzko Únicos ikuskizun inklusiboa eskainiko dau 12:30ean Bizikidetasun Plazan. Arratsaldean, Ameztu Antzerkia euskal konpainiak Kay Robot txotxongilo-komedia eskainiko dau 19:30ean Pergolan. Eguna amaitzeko, Cia Capicua (Aragoi) konpainiak Ruta aurkeztuko dau 21:15ean Bizikidetasun Plazan; 66 Ibilbide mitikoko gasolina-zerbitzugune zahar batean girotutako zirku garaikideko proposamena.
Abuztuaren 27an, nazinoarteko Trio Wise Fools (Finlandia/Hegoafrika) konpainiak Hot & Cold ikuskizunaren emonaldi bi eskainiko ditu, 12:30ean eta 21:15ean, Bizikidetasun Plazan. Akrobaziak, musikea eta umorea buztartzen dituan ikuskizuna da. Horrezaz gan, Cia Capicua konpainiak Ruta Pergolara eroango dau, 19:30ean.
Abuztuaren 28an, barikuan, Flying Pikmis kataluniar konpainiak Eh?! aurkeztuko dau; eguneroko lana zirku eta umore ariketa bihurtzen dauen proposamena, 12:30ean eta 21:15ean, Bizikidetasun Plazan. Bestalde, Tutik Clowns euskal konpainiak bere 30. urteurrena ospatuko dau Ekilikua ikuskizunagaz, 19:30ean Pergolan.
Programazinoaren azken txanpan abuztuaren 29an helduko da Kiai (Frantzia) konpainiagaz: Pulse akrobazia kolektiboko ikuskizun biziak grabedadeari erronkea egingo deutso, 12:30ean eta 21:15ean Bizikidetasun Plazan izango diran emonaldi bietan. Egun berean, Bilboko Orain Bi konpainia Aste Nagusira bueltauko da Mute ikuskizunagaz; 2022ko Leioako Umore Azokako Ikuskizun Onenaren Saria irabazi eban lana 19:30ean izango da Pergolan.
Programazinoa abuztuaren 30ean amaituko da Tomate Clown artista argentinarragaz: Pasen y vean ikuskizunagaz. Komedia fisikoa eta globoakaz egindako eskulturak lotzen dituan muntaketa sarituak hogei herrialde baino gehiagotan egin dau birea. Ikuskizuna 12:30ean izango da Bizikidetasun Plazan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
