Unai Ruiz eta Naroa Martinezen album ilustradua aukeratu dabe 26 lanen artean

Bizkaie! 2026-07-07 10:22   Kulturea

Afonia lanak dolua, gomutea eta belaunaldien arteko tradizinoen transmisinoa jorratzen ditu.



Zizur Nagusiko Udala bere euskera zerbitzuen bidez lehiaketa hau atontzen daben Nafarroako 23 toki eerakundeetako kide da. Sariaren helburua euskerazko album ilustraduen sorkuntzea eta argitalpena sustatzea da, eta hizkuntza horretako kultur produkzinoari ikusgarritasun eta indar handiagoa emoten laguntzea.

Aurtengo edizinoan 26 lan aurkeztu dira. Aitziber Akerreta ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osotutako epaimahaiak 5.000 euroko sari bakarra emon dau.

Afonia-k bere aititak jotako kanpaien esangurea erakutsiko deutson neskato baten istorioa kontetan dau. Hil ondoren, amamaren, lagunen eta familiaren gomutearen bidez heltzen jakoz soinu eta ezagutza horreek. Kanpaien soinua gogorarazoten daben errepetizinoz eta onomatopeiaz betetako hizkuntza lasaiari ekinez eregiten da obrea. Tonu ilunak eta forma sinpleak dituen irudiek isiltasunaren, hutsaren eta tristurearen sensazioa indartzen dabe baina baita baten batek gogoratzen dauen bitartean ezer ez dala erabat desagertzen be.

Epaimahaiaren balorazinoaren arabera, testuak eta irudiak galera bati aurre egiteko eta persona batek alde egin ondoren ixten dauen guztia autortzeko behar dan denporea eta etenaldia transmitiduten dabe. Holan, albuma gomutearen eta tradizinoen jarraitutasunaren errebindikazino bihurtzen da.

Unai Ruiz Galartza, beratarra eta Leitzan bizi dana, Arte Ederretan lizentziaduna, hezitzailea eta margolaria da. Naroa Martínez Suárez, Gasteizen jaioa, psikopedagogoa da, euskal eskola publikoko irakaslea eta galeretan eta dolu prozesuetan aditua.

Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko dau euskeraz 2026ko udagoienean. Sariketan Galtzagorri alkarteak eta argitaletxeak be parte hartzen dabe, Nafarroako Gobernuaren babesagaz, Euskarabidea-Euskerearen Nafar Institutuaren bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu