EHUk ondorioztatu dau Euskerea eta Literatura II irakasgaiak ez dauela portaera berezirik erakusten
2026-07-07 07:36 Pil-pileanUSaPeko emoitzak osotasunean aztertzen diranean.
USaPen zeroren bat lortu daben ikasleen % 71,6k probea gainditu dau; eta Euskerea eta Literatura IIn, zero kalifikazinoa izan dabenen artean gaindituen ehunekoa 74,8koa da. 2026ko USaPren emoitzen lehen azterketa globalak erakusten dau Euskerea eta Literaturea IIn ikusitako joereak beste irakasgai batzuetan be jazoten dirala eta unibersidadean sartzeko sistemearen bermeak berresten ditu. Azterlanak gogorarazoten dau ebaluatzaileen arteko erispide-ezbardintasunak edozein ebaluazino-prozesuren berezko diskrezionaltasun teknikoaren parte dirala eta, horregaitik, epaimahaien batez bestekoagazko puntu bitik gorako desbideratzeak baino ez dituala balio anomalo gisa hartu, bai batez bestekoaren gainetik bai azpitik. Erispide hori aplikauta, analisiak ondorioztatzen dau desbideratze horreek ez dirla euskereari jagokon irakasgaiarenak bakarrik, beste hamaika irakasgaitako epaimahaietan be antzemoten dirala; horrek berresten dau sistemearen osotasunean agertzen dan portaerea dala, eta ez irakasgai bakar baten salbuespenezko egoerea.
Euskal Herriko Unibersidadeak bart aurkeztu dau 2026ko Unibersidadean Sartzeko Probako (USaP) ohiko deialdiko emoitzen azterketa globala. Azterlanaren helburua azken asteotan Euskerea eta Literaturea II irakasgaiaren inguruan sortutako eztabaida publikoari testuingurua emotea izan da. Agerraldian, Joxerramon Bengoetxea errektoreak eta Urtza Garay Graduko eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordeak eskerrak emon deutsee urtero USaP posible egiten dabe persona guztiei: 41 epaimahaietako kideei, 848 zuzentzaileri, teknikari eta administrazino eta zerbitzuetako langileei, baita Hezkuntza Saileko eta Euskal Herriko Unibersidadeko profesionalei be: 12.000 ikasle baino gehiagoren etorkizunari zuzenean eragiten deutson prozesu konplexua da eta profesionaltasunez, objektibotasunez eta aukera-beadintasunaren aurreko konpromiso sendoz lantzen da, adierazo dau errektoreak.
Era berean, gogorarazo dau unibersidadean sartzeko sistemeak 534/2024 Errege Dekretuak ezarritako berme guztiak dituala. Azpimarratu dauenez, edozein ikaslek bigarren zuzenketa guztiz independentea eskatzeko eskubidea dauela, eta lehen eta bigarren zuzenketen artean puntu bitik gorako aldea dagoanean, azterketea automatikoki besteaditu independente biri bialtzen jakela hirugarren eta laugarren zuzenketea egiteko. Horrezaz gan, ikasleek beren azterketa eta egindako zuzenketa guztiak ikusteko eskubidea dabe. «Sistemaren bermeak ez ditu unibersidadeak ezartzen, legeak ezartzen ditu, eta gure betebeharra horreek zorrotz betetea da», azpimarratu dau errektoreak.
Unibersidadeak azaldu dauenez, ohiko jardunean, USaPren batez besteko notea eta unibersidadean sartzeko noteak baino ez ditu argitaratzen urtero —aurten garagarrilaren 11n emongo dira argitara—. Gaur aurkeztutako azterlana, barriz, berariaz prestau da agerraldi honetarako, izan be, orain arte ez da beharrezkoa izan emoitzak ikuspegi honetatik aztertzea.
Txostenak 2026ko ohiko deialdi osoa hartzen dau: 12.080 ikasle, 41 epaimahai, 848 zuzentzaile, 4.223 barrikuspen-eskaera eta barrikusitako 8.127 azterketa. Danetara, 11.507 ikaslek gainditu dabe USaP, eta horrek % 95,26ko gainditze-tasa orokorra dakar.
Ikasle gehien izan dituen hiru irakasgaiak Lengua Castellana y Literatura (12.051 azterketa), Ingelesa (11.976) eta Euskerea eta Literaturea II (11.833) izan dira; horrek aukerea emoten dau horreen arteko konparazino estadistiko sendoak egiteko.
Azterketearen arabera, Euskerea eta Literatura II ez dago emoitzarik txarrenak dituen irakasgaien artean. Irakasgaiaren batez besteko notea 6,33 izan da; Lengua Castellana y Literatu ikagaiaren (6,42) eta Espainiako Historiaren (6,08) artean kokatu da, eta Kimikaren (6,03), Gizarte Zientziei Aplikautako Matematikearen (5,83), Matematika IIren (5,06) eta Fisikearen (3,99) gainetik.
Bestalde, Euskerea eta Literatura II-ren gainditze-tasea % 76,2koa izan da. Ingelesaren, Filosofiaren, Gaztelania eta Literaturaren edo Biologiaren azpitik dago, baina Espainiako Historiaren, Kimikearen, Gizarte Zientziei Aplikautako Matematikearen, Matematika IIren eta Fisikearen gainetik.
2025eko deialdiagaz konparauta, Euskerea eta Literatura II-ren batez besteko notea 0,48 puntu bajau da. Halan da be, portaera hori ez da salbuespena. Matematika IIk 1,67 puntuko jatsierea izan dau; Fisikeak, 1,48koa; eta Espainiako Historiak, 0,83koa. Horrek erakusten dau joera hori hainbat irakasgaitan be jazo dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
