Federico Moyua plazea Plaza Eliptikoa izango da gaurtik aurrera

Bizkaie! 2026-07-01 10:46   Pil-pilean

Gaur, hilak 1, aldatuko dira Plaza Eliptikoa identifiketako plakak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Eider Inuntziaga Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako zinegotziagaz batera, iragarri dau Plaza Eliptikoa identifiketako plakak aldatuko dirala. Aldaketea gaur sartuko da indarrean. Holan, Federico Moyua plazeari Plaza Eliptikoa deituko jako, orain hilabete batzuk Bilboko alkateak jakinarazo eban bezela.

Bilboko Udalak jagokozan jakinarazpenak egin deutsee neurriak eragiten deutseen persona eta erakunde interesdunei, Alkatetzearen 2026-03-06ko ebazpenetik 10 eguneko epean. Era berean, plazeari zuzenean lotutako erkidego edo erakundeei eta beste alderdi interesdun batzuei jakinarazo jake aldaketea.

Danetara, 4 plaka aldatuko dira lau fatxadetan: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusiko 2. zenbakian (Carlton Hotela), 4. zenbakian (Aurora eraikina), 6. zenbakian (bizitegi-eraikina) eta 40 bis zenbakiaren alboko fatxadan. Uri barruko bidea errotuletako plakak garagarrilaren 1ean aldatuko dira eta gainerako bide-seinaleak, seinale turistikoak edo antzekoak udal-zerbitzuek edo kasuan kasuko erakundeek erabagiten dabenaren arabera eguneratuko dira.

Federico Moyúa izena 1937ko abuztuaren 5ean ezarri jakon plaza horri, On Diego Lopez Haroko plazearen izena ordezkatuz. Erregimen frankisteak eratutako lehenengo udalbatzaren aginduz inponidu edo derrigortu zan aldaketea, Jose Maria Areilza udalbatzaren buru zala. Hain zuzen be, bera izan zan matxinautako armadeak 1937ko bagilean Bilbo hartu ondoren jarritako lehenengo alkate diktatoriala, Ernesto Ercoreca ordura arteko alkate demokratikoa ordezkatuz. José Maria Areilzaren agintaldi laburrean –1938ko zezeilera arte–, arlo politiko-militarrari lotutako neurri batzuk ezarri ziran, besteak beste, izen hori aldatzea.

Federico Moyua alkate izentau eben Miguel Primo de Riveraren diktadureagaitik. Adierazotako aurrekarietan argi ikusten da Federico Moyúak lotura estua izan ebala Espainiako Estaduan izandako azken diktadura biakaz: lehenengo diktaduran uriko alkatea izan zan, eta bigarren diktaduran, barriz, udalbatza frankisteak autortu egin eban. Horregatik, bidezkotzat joten da uriko plaza esanguratsu eta ikonikoenetako bat dan honi izena aldatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu