Su Bizia! garagarrilaren 1ean biztuko dabe Mungian
2026-06-26 10:04 KultureaBero-boladaren ondorioz bagilaren 23an bertan behera geratu ondoren.
Mungiako Udalak eta Deabru Beltzak-ek ekitaldia ahalik eta lasterren berreskuratzeko egindako ahaleginari esker, kaleko arteen ospakizuna Mungiako jaien barruan egingo da. Talde eta eragile guztiek baiezkoa emon dabe eta San Juan gauerako atondutako tailer, jantza bertikala, kalejirea, performance, piroteknia eta Deabru Beltzak-en 30. urteurreneko ikuskizun nagusia hortxe izango dira.
Egindako kudeaketa eta parte hartuko daben talde, artista eta kultura mailako eragile guztien prestutasunari esker, ekitaldia Mungiako jaien egitarauaren barruan txertatzea lortu da.
Holan, San Juan gauerako diseinautako proposamen artistiko eta parte-hartzaile osoa garagarrilaren 1ean egingo da, ordutegi, ikuskizun eta taldeagaz.
Atontzaileek ondokoa azpimarratu dabe: berratontzea ez zan posible izango programan parte hartuko daben talde guztien erantzun positiborik barik. Deialdia jaso bezain laster, talde,
artista eta alkarteek barriro parte hartzeko borondatea eta konpromisoa erakutsi dabe eta horri esker Su Bizia! hasieran pentsau zen bezela biziteko aukerea izango da.
Ekitaldiak esangura berezia izango dau, Bizkaiko kale arteen erakusleiho handia izateaz gan, Mungiako kultur talde eta eragile ugari batuko baititu. Herriko eta lurraldeko sortzaileak,
musikariak, jantzariak, bertsolariak eta kale arteen konpainiak arratsaldetik gauera arteko ospakizunean batuko dira.
Su Bizia! bereziaren egitaraua 18:00etan hasiko da Matxin plazan, familientzako tailer eta olgetakaz. Zirkozaurre Taldeak eta Kalakak egurrezko olgetak, zirkuagaz lotutako jarduerak eta publikoak parte hartzeko proposamenak eskainiko ditue. Arratsaldeko lehen zatiak familia giroa, olgetea eta kulturea kalera eroango ditu.
Gaueko 21:00etan, Udaletxeko fatxadea eszenatoki bihurtuko da Dimegaz taldearen eta Janire Etxaberen jantza bertikaleko ikuskizunagaz. Arkitekturea, mobimentua eta altuerea buztartuko dituan saioak gaueko programazinoari hasierea emongo deutso.
Jarraian, 21:15ean, kalejirea hasiko da udaletxetik eta parte-hartzaile izango dira:
● Bizkaiko Gaiteroak.
● Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolak.
● Gure Ametsa Txistulari Taldeak.
● Alaiak Mungiako Soinulari Alkarteak.
Kalejireak herriko kaleak musikaz, jantzaz eta jai giroaz beteko ditu, herritarrak gaueko ikuskizun nagusiaren espaziora eroanez. Aurrerago, 21:30etik aurrera, txokolatea banatuko da Uriguen parkean, herritarren arteko topaketea eta ospakizun giroa indartzeko. Sua, jantzak, kale-antzerkia eta piroteknia gaueko 22:00etatik aurrera, Su Bizia! ekimenaren gaueko atal nagusia hasiko da Uriguen parkean. Malabar argidunak, koreografiak, jantza eta sua buztartu eta pebeteroa biztuko da, ospakizunaren izaera sinboliko eta ikusgarria indartuz.
Gaueko 22:30ean helduko da ospakizunaren momentu indartsuena: Deabru Beltzak eta Taket Mungiako Bertso Eskolea alkartuko dira konpainiaren 30. urteurrena ospatzeko prestautako ikuskizun nagusian. Musikea, piroteknia eta akerraren berbizte magikoa izango dira ikuskizunaren ardatzak. Deabru Beltzak-en uniberso artistikoa San Juan gauaren eta akelarrearen iruditeriagaz lotuko da, eta ikuskizuna bertso bidezko agurragaz amaituko da.
Ondoren, 22:45etik aurrera, jaiak erromeriagaz jarraituko dau, Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolako trikitilariakaz.
Su Bizia!
Ikuskizuna ez da berratondutako ekitaldi bat izango, hasierako izaera eta helburuei eutsiko deutsen kultur ospakizuna baino: Mungia Bizkaiko kaleko arteen topagune bihurtzea, Deabru Beltzak-en 30 urteko ibilbidea ospatzea eta herriko kultura sarearen indarra erakustea.
Atontzaileek herritarrak garagarrilaren 1ean kalera urten eta ekitaldia hasieratik aurreikusitako ilusinoagaz biziteko animau ditue. Parte hartuko daben talde eta eragileak:
● Deabru Beltzak.
● Taket Mungiako Bertso Eskolea.
● Zirkozaurre Taldea.
● Kalaka egurrezko olgetak.
● Dimegaz / Janire Etxabe.
● Bizkaiko Gaiteroak.
● Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolea.
● Gure Ametsa Txistulari Taldea.
● Alaiak Mungiako Soinulari Elkartea.
● Musika Eskolako trikitilariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
