'abar', gaur egungo 'hamar' zenbakiaren aurrekaria izan daiteke

Bizkaie! 2026-06-26 09:14   Kulturea

Adituen eretxiz, lehen zenbaki baskonikoa topau dogu Irulegin.

Aranzadi Zientzia Alkarteak topau dau Irulegiko baskoien kanpamenduan Nafarroan, Arangurengo Ibarra udalerrian. Abar inskripzinoa, Irulegiko eskua agertu zan etxebizitza bereko biltegi-ontzi batean topau dabe eta hamar zenbakiari erreferentzia egiten deutsola uste dabe, dokumentautako lehen zenbaki baskonikoa izan daitekeena.

Topautakoa inskripzioa abar da, eta 2021ean Irulegiko eskua topautako etxe berean dagoan ontzi batean dago grabauta. Ikertzaileen eretxiz, terminoa -hamar- berbea dakarsku gogora eta horrek ontziaren edukiereari lotutako zenbakizko erreferentzia bat adierazo leike.

Javier Belaza ikerketako zuzendari eta aditu epigrafikoak azaldu dauenez, -abar- berbeak -hamar- marketan dauela uste dogu, hau da, gaur egungo -hamar-; oraindinok ez dakigu zenbateko hori zein neurri-unidaderi jagokon, ez baita ezagutzen garai haretako baskoiek zein sistema metrologiko erabiliten eben. Inskripzinoak ontzian produktu bateko zein kantidade gorde eitekean adierazo leike, beste kultura zahar batzuetan ohikoa dan bezela.

Topakuntzea Irulegin, Nafarroako aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenetakoan, azken urteotan egindakoen artean beste bat da. Irulegiko eskuaren agerpenak euskereagaz lotutako testigantza idatzirik zaharrenetako bat dokumentetea ahalbidetu ebalako eta orain zeramikazko ontzi honek baskoien hizkuntzeari eta eguneroko biziteari buruzko beste ikerketa-bide batzuk edegi ditu.

Irulegi Sertoriar gerrateetan erasotua eta suntsitua izan zan baskoi herrixkea da. 2017tik, Aranguren Ibarreko Udalaren ekimenez ikerketa arkeologikoa egiten dabiz Nafarroako Gobernuko Kultura Sailaren laguntzeagaz eta Aranzadi Zientzia Alkartearen gidaritzapean, hainbat unibersidadegaz lankidetzan eta Mattin Aiestearan arkeologoaren zuzendaritzapean.

Orain arte, gitxi gorabehera 75 m2-ko azalerakon hiru etxebizitza induskatu dira, eta horreetan material arkeologiko ugari berreskuratu dira: armak, zeramikazko ontziak, txanponak, faunako hazurrak, eskuerrotak eta bestelakoak. Material horreen artean, inskripzino edo idazkun bana daben zeramikazko zati bi dagoz. Bat Irulegiko Eskua topau eben etxe berean topau izan da, eta bestea etxebizitza horren kanpoaldean.

Lehenengoa zati bitan banatuta agertu zan eta segurutik aski in situ edo inguruan egindako biltegi-ontzi baten ertzari jagoko. Testua idazkera paleohispanikoan idatzia dago, seguruenik baskonikoa, eta a[ba]ŕ edo abaŕ jarten dau. Testu hau ontziaren edukiereagaz lotuta egon daiteke. Interpretazino hori zuzena bada, inskripzinoa zenbaki baskoniko baten lehen testigantzea izango litzateke, eta honen irudiak bat egingo leuke oraintsu egindako ikerketek 10. zenbakiari iberieraz emon deutsenagaz, euskerazko (h)amar (10) zenbakiagaz bat egiten dauenagaz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu