Sexu-Askapenaren eta LGTBIQA+ Harrotasunaren Nazinoarteko Eguna badator
2026-06-25 10:02 KultureaGetxok Adierazpen Instituzionala plazaratu dau.
Datorren domekan, bagila 28, LGTBIQA+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Aldeko Nazinoarteko eguna izango dala eta, Udaleko Bozeroaileen Batzordeak Adierazpen Instituzionala onartu dau aho batez. Jarraian testu osoa:
Bagilaren 28a ospakizunerako, memoriarako eta aldarrikapenerako eguna da. Beste urte batez, Getxoko Udalak LGTBIQA+ kolektiboak egindako bidea autortzen dau. Gure gizartean dagoan aniztasuna ikusgarri egin nahi dogu, eta persona askoren eta mobimentu sozialen ahaleginari esker lortutako eskubideak defendidu.
Baina egun honek hausnarketarako tartea be izan behar dau, izan be, oraindino be badira egiteko dagozan lanak. LGTBIQA+ kolektiboa multzotzat hartzen badogu be, errealidade guztiak ez dira baldintza berberetan bizi. Badira oraindino be ikusgarritasun txikiagoa daben identidadeak, gorputzak eta sexu orientazinoak. Askotan, gitxiago ulertzen dira eta diskriminauta sentiduteko arrisku handiagoa dabe. Horreen artean dagoz persona transak eta intersexualak, baita emakume lesbianak eta persona bisexualak be. Horreen errealidadeek oztopo handiagoak izaten ditue autortza osoa lortzeko. Egoera hori ez da gizartean bakarrik jazoten, inklusino handiagoa egon beharko litzateken espazio eta komunidadeetan be aguantau egiten dau.
Era berean, ezinbestekoa da begirada intersekzionala izatea. Diskriminazinoak ez dau modu bakarrean eragiten eta ez deutse pertsona guztiei bardin eragiten. Kurutzaten gaituen faktoreak askotarikoak dira. Sexu-orientazinoa, genero-identidadea edo gorputzak beste egoera batzuekaz buztartzen dira sarri: arrazakeriagaz, pobreziagaz, etxerik ez izateagaz, umezaroagaz, desgaitasunagaz, aniztasun psikikoagaz edo bestelako bazterketa egoerakaz. Horrek esan nahi dau ez dala gauza bera LGTBIQA+ personea izatea laguntza-sare bat, egonkortasun ekonomikoa edo autortza soziala izanda, edo prekariedadean, bakardadean edo diskriminazino anitzen erdian bizitea. Euskadin be bizi dira LGTBIQA+ personak zaurgarritasun, desbardintasun edo ikusezintasun egoeretan. Besteak beste, egoera administratibo irregularrean dagozan migratuak, kale egoeran bizi diranak, espacio heteronormatiboetan bizi diran edadekoak edo aniztasun psikikoa dabe gazte LGTBIQA+ diranak.
Persona batzuek zaltasun handiagoak ditue enplegua eskuratzeko, etxebizitza bat lortzeko edo osasun-arretea jasoteko. Beste askok ez dabe espazio segururik topetan, edo ezin dabe euren identidadea lasaitasunez bizi espazio publikoan. Horregaitik, Harrotasunaz berba egiten dogunean, eskubideez be bagabiz. Eta persona guztientzako bizi-baldintza duinez. Inork ezkutatu beharrik izango ez dauen gizartea eregiten gabiz. Inork bere burua justifikau edo bildurrez bizi beharrik izango ez dauen gizartea.
Azken urteetan jaubetu gara zenbait diskursok dagoeneko lortutako eskubideak dudan jarten dituela. Era berean, espazio batzuk gero eta seguruagoak ez dirala persona LGTBIQA+ askorentzat be ikusten gabiz. Horren aurrean, gogorarazo behar dogu gizarteko espazio guztiak herritar guztienak dirala. Eta espazio bat benetan publikoa bada, anitza izan behar dau nahitaez. Kaleak, erakundeak, ikastetxeak, kulturguneak eta komunidade espazioak persona guztiek bardintasunean egon eta parte hartu ahal izateko lekuak izan behar dira.
Aniztasuna ez da mehatxu bat, ezta salbuespena be. Gure gizartearen errealidadea da, eta danon ondarea. Gizarte edegiagoa, demokratikoagoa eta gizatiarragoa eregiten laguntzen deusku. Horregaitik da beharrezkoa oraindino bagilaren 28an ahotsa altzetea. Ospatzea be erresistentzia egitea dalako. LGTBIQA+ persona guztien errealidadeak ikusgarri egiteak garrantzitsua izaten jarraitzen dauelako. Eta oraindino be badiralako bazterrean geratzen dirn ahotsak, bizipenak eta beharrak.
Getxoko Udalak konpromisoa berretsi nahi dau LGTBIQA+ persona danakaz, zehatz zaurgarritasun handieneko egoeretan bizi diranakaz. Lanean jarraituko dugu persona guztientzat bidezkoagoa, inklusiboagoa eta anitzagoa izango den gizartea eregiteko.
Azkenik, LGTBIQA+ personen eskubideak defendiduteko eta sensibilizetako jardueretan parte hartzeko animetan ditugu persona guztiak. Sexu eta genero aniztasunaren aldeko burrukeak euskal gizartearen ezaugarri izan behar dau. Era berean, Udalak konpromisoa hartzen dau helburu hori lortzeko jarduerak atontzen jarraitzeko eta gure udalerrian jazotako indarkeria-egoera bakotxa salatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
