Gaztelugatxe Zentroak ateak edegi ditu Bermeon

Bizkaie! 2026-06-24 09:03   Kulturea

Bertako naturea, historia eta nortasuna ezagutzeko erdigune.





Gaztelugatxeko Monumentu Naturalera hurbiltzeko, haren balio natural, historiko eta kulturalak ezagutzeko eta turismo arduratsuaren aldeko kontzientzia sustatzeko sortutako interpretazino eta harrera-gune barriak San Juan bezperan edegi ditu ateak bermeotarren eta Gaztelugatxeren arteko lotura historiko eta emozionala agirian ixten dauen data esanguratsuan.

Bermeoko Alde Zaharrean kokatuta, Gaztelugatxerako bide historikoa hasten zan Sanjuanportaletik metro gitxira, zentro barriak bisitariei esperientzia interaktiboa, irisgarria eta murgiltzailea eskaintzen deutse. Helburua da Gaztelugatxe bisitetako leku modura aurkeztea, baita ulertu, sentidu eta jagon beharreko ondare modura be.

Inaugurazino ekitaldian Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak nabarmendu dauenez, Gaztelugatxe bermeotarrentzat ez da bakarrik balio natural eta historia handiko gunea. Belaunaldiz belaunaldi transmitidutako sentimendu, gomuta eta bizipenen parte be bada. Gogoratu dau urte luzez izan dala eskerrak emoteko, desioak egiteko, ospatzeko eta batzeko lekua: herriaren memoria kolektiboan errotutako espazioa da. Horregaitik, Bermeo eta Gaztelugatxe alkarregaz ulertu behar dira, biak lotzen dituan ondare emozional eta kulturalaren bidez.

Lotura horri bizirik eusteko ezinbestekoa izan da urte luzez hainbat herritarrek eta boluntariok egindako lana: Gaztelugatxe gaur egun nazinoartean ezaguna dan gunea izan aurretik be, persona askok ingurunea jagon, txukundu eta babesteko konpromisoa hartu eben modu altruistan. Hareen ekarpenari eta, gaur egun, erakundeen eta kudeaketan parte hartzen daben eragileen lankidetzari esker, Monumentu Natural honek behar dauen jagoletzea eta babesa izaten jarraitzen dau.

Hiru ikuspegi

Zentroak hiru ikuspegi nagusiren bidez hurbiltzen dau bisitaria Gaztelugatxera. Alde batetik, Monumentu Naturalaren balio ekologiko eta geologikoak azaltzen ditu, itsasoak eta denporeak modelautako paisaje berezi baten garrantzia nabarmenduz. Akatxe islako hegaztien santutegitik hasi eta urpeko laminaria oihan gardenetaraino, kostaldeko biodibersidadearen aberastasuna ezagutzeko aukerea eskaintzen dau. Bestetik, mendeetan zehar Bermeoko eta inguruko herrietako biztanleek eregitako lotura historiko, kultural eta espiritualak ezagutarazoten ditu, tradizinoak, errituak, sinismenak eta kondairak ardatz hartuta. Azkenik, turismoaren erronkei eta ingurumenaren babesari buruzko hausnarketea sustatzen dau, etorkizun jasangarriago baten aldeko jarrerak bultzatuz.

Bisitariek formatu handiko argazkiak, ikus-entzunezkoak, proiekzinoak eta eduki digitalak topauko ditue espazioan. Horreen artean nabarmentzekoak dira Bermeoko historiaren mugarriak modu interaktiboan azaltzen dituan denpora-lerro dinamikoa; eskualdeko kultura, erlijino eta jai tradizionalei buruzko ikus-entzunezkoak; eta 241 maila izeneko esperientzia murgiltzailea, Gaztelugatxeko San Juan ermitarako igoerea 360 graduko formatuan modu birtualean biziteko aukerea emoten duena.

Edukiak euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskaintzen dira, eta ikus-entzunezko guztiek azpidatziak eta audio-sistemak ditue. Gaztelugatxe Zentroa Bermeo, helmuga ekoturistikoa: bertako natura eta kultura-ondarea jagotea eta balioestea proiektuaren barruan kokatzen da. Ekimen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazino Orokorraren, Turismo, Merkataritza eta Konsumo Sailaren, eta Bermeoko Udalaren arteko hitzarmenaren bidez garatu da, 2023ko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barruan eta Next Generation EU Europar Batasuneko funtsen bidez finantziau da.

Planaren helburua Bermeoren potentzial turistikoa indartzea eta udalerria ekoturismoan oinarritutako helmuga jasangarri lez sendotzea da, natura eta kultura- ondarearen konserbazinoa eta balioespena oinarri hartuta.

Horretarako, 2.270.000 euroko dirulaguntzea jaso da. Zenbateko horretatik 1.200.000 euro Gaztelugatxe Zentroa gauzatzeko bideratu dira, baita eraikinaren egokitzapena, proiektu museistikoa eta digitalizazinoa atontzeko be. Gaztelugatxe Zentroaren garapenerako egindako inbersino osoa, barriz, ia 1.500.000 eurokoa izan da.

Aitatu hitzarmen beraren barruan finantziau dira Turismo Bulegoaren birgaikuntza energetikoa eta digitalizazinoa, Lamera parkeko argiteria adimenduna, Alde Zaharreko hainbat guneren
berroneratzea eta interes historiko eta paisajistikoko eremuetan Wi-Fi publikoaren ezarpena.

Erakundeen arteko alkarlana

Proiektu osoaren garapena erakundeen arteko alkarlanaren emoitzea izan da. Eusko Jaurlaritzeak eta Bermeoko Udalak alkarlanean jardín dabe azken urteotan, eta hainbat enpresa eta profesionalen ekarpena be oinarrizkoa izan da ekimen hau errealidade bihurtzeko.

Bermeoko Udalak herritarrak eta bisitariak konbidau ditu Gaztelugatxe Zentroa ezagutu eta bertako edukiez gozau deien. Sartzea doban da eta espazioa bagilaren 23tik irailaren 30era egongo da zabalik: lanegunetan 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara; domeka eta jai-egunetan, barriz, 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan eta irailaren 9an zarratuta egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu