ni.eus posta zerbitzu euskalduna Bulego Birtual bihurtu da
2026-06-23 11:16 KultureaNextcloud teknologia ardatz hartuta, bideo-deiak, ofimatika tresnak eta hodeiko biltegiratzea txertatu ditu.
ni.eus posta zerbitzuak salto kualitatibo eta kuantitatiboa emon barri dau. Posta zerbitzua izatetik, komunikazino personalerako eta profesionalerako tresna multzo oso izatera igaro da. PuntuEUS-en eta Iametzaren lankidetzearen emoitzea dan proiektuak Azkue Fundazinoaren babesa jaso dau eta aurrendaria da euskal ekosistema digitalean, mugarri garrantzitsua euskerearen normalizazinoan eta burujaubetza digitalean.
Bersino barritua Nextcloud software libreko hodei-plataforman oinarritzen da. Integrazino horri esker, posta-elektronikoa egungo lan-beharretara egokitu da, bulego birtual baten funtzionalidadeak bereganatuz: Orain arte, ni.eus entzutetsuak, egutegia eta kontaktuen agendea eskaintzen zituan. Funtzionalidade barrien artean, artxiboen kudeaketea (dokumentuak biltegiratzea, editetea eta konpartidutea), online ofimatikako aplikazinoak, formularioak eta jakinarazpen sistemak dagoze, besteak beste. Era berean, lehenengo aldiz, denpora errealeko komunikazino-funtzionalidadeak integrau dira, besteak beste, txata eta bideo-dei pribatuak, erabiltzaileen, kolektiboen eta erakundeen arteko lankidetza-aukerak zabalduz.
Hobekuntza horreen helburua erakunde, alkarte eta kolektibo txikiei tresna digital kolaboratiboetarako sarbidea erraztea da. Software librea erabiliz, ni.eus-ek bermatzen dau erabiltzaileen informazinoa ez dala merkataritza-helburuakaz erabiliko, eta subiranotasun teknologikoaren bidean pausu sendoa emoten dau.
Horrezaz gan, barritzeak, kontu-modalidade barriak be ekarri ditu. Zerbitzua doban erabilten jarraitzeko aukereari eusten dako baina horri, plan aurreratuak gehitu jakoz funtzionaltasun gehigarriakaz eta domeinu propioa erabilteko aukereagaz. Gainera, taldeentzako hirugarren modalidade bat gehitu da erakunde txiki, familia edo komunidadeentzako pentsauta, txata eta bideo-dei tresnak gogoan hartzen dituana.
Interesa dauenak bere kontua sortu leike ni.eus webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
