Agravitaserantz. Arriaga Atari barria zabalik

Bizkaie! 2026-06-23 07:54   Kulturea

Aparteko edegierea, bagilaren 24an, goizeko 10:00etatik 20:00etara.





Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Bilboko Arte Ederren Museoko Arriaga Atrio barriaren aurkezpenean parte hartu dau. Museoaren handitze eta eraldatze-prozesuaren mugarri nagusietako bat da, eta erakundearen bihotza izatera deituta dagoan espazioa. Bengoetxeak Francisco Durrioren Juan Crisóstomo Arriagaren monumentuak gidatutako espazio barriaren balio sinbolikoa nabarmendu dau. Lehendakariordearen eretxiz, Arriaga Atrioak joanaren eta etorkizunaren arteko zubia irudikatzen dau, belaunaldien artekoa, gaur garenera ekarri gaituan memoriaren eta eregi nahi dogun etorkizunaren artekoa.

Era berean, museoaren historia eta ondarea jagonez etorkizunera begira dagoan eraldaketea nabarmendu dau: Bilboko Arte Ederren Museoa ez da museo bat bakarrik, herrialde-azpiegitura bat da.

Norman Fosterrek eta Luis María Uriartek egindako museoaren handitzeak eraldaketa arkitektonikoaren mugarri handienetakoa ikusgai dauka dagoeneko: Arriaga Atari barria.

Urriaren 5eko berrinaugurazino ekitaldiaren atariko lez, eta BBK Banku Fundazinoaren laguntzeari esker, gune barriaren aparteko edegierea atondu dabe, Francisco Durrioren Juan Crisóstomo de Arriagaren omenezko Monumentua buru dala. Esangura horretan, jardunaldi berezian, bagilaren 24an (eguaztenean), museoak Arriaga Ataria edegiko dau 10:00etatik 20:00etara, doban eta publikoari lehen aldiz emongo jako gune enblematiko horretara sartzeko aukerea. 1970eko eraikinaren kristalezko galeriatik be ikusi ahal izango dau. Bertan, altuerako ikuspegiaz gan, bere eraikuntza prozesua eta Eduardo Chillidaren Topaketa-lekua IV (1973), Richard Serraren Bilbo (1983) eta Francisco Durrioren Juan Crisóstomo de Arriagaren omenezko Monumentua (1906-1933) eskulturen muntaia ikus-entzunezko baten bidez ezagutuko ditu.

Arratsaldean, Museoaren Lagunen Alkartekoentzat bakarrik, Bilboko Alkarte Filarmonikoak Lau Agravitas lanaren estreinaldia hartuko dau, Gabriel Erkoreka, Zuriñe F. Gerenabarrena, Isabel Urrutia eta Javier Quislantek konponidutako kontzertua. Museoak eta BBKk Iñigo Alberdiri enkargauta, Juan Crisóstomo de Arriaga musikari bilbotarraren heriotzearen berrehungarren urteurrenaren barruan egingo da jardunaldia.

Urriaren 5era arte, museoaren berrinaugurazinorako aurreikusitako egunera arte, handitze-lanek aurrera jarraituko dabe. Udan zehar, museoak gaur egungo programazinoari eutsiko deutso, Denise Scott Brown. Hiria. Kalea. Etxea (abuztuaren 16ra arte) eta Paraleloak eta meridianoak. Iberdrola bilduma (abuztuaren 30era arte) erakusketakaz.

Irailean, museoak bere jarduera publikoa aldi baterako eten eta itxita egongo da, amaierea emoteko bildumen muntaiari, inaugurazino programea atontzeari, bisitarien arreeta eta harrera zerbitzu barrien ezarpenari, eta dendea eta kafetegia martxan jarteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu