Formula Student Bizkaiak jarleku bakarreko ibilgailu barria aurkeztu dau 20. urteurrenean

Bizkaie! 2026-06-19 10:49   Pil-pilean

Taldeak Formula Student Germany lehiaketan debuta egitea izango dau helburu.




Erretratuak: Mitxi.

Formula Student Bizkaiak aurkeztu dau FSB2026, Bilboko Injinirutza Eskolako ikasleek egindako monoplaza barria. Ekitaldian babesleak, laguntzaileak, senideak eta unibersidadeko ordezkariak batu dira, taldearentzat sano esanguratsua dan hitzorduan, izan be, proiektuaren 20. urteurrenagaz bat egin dau. Etapa barri honetako protagonistea da FSB2026, taldeak eregitako jarleku bakarreko hemeretzigarren ibilgailua. Diseinuan, fabrikazinoan, baliozkotzean eta doikuntzan urtebetez egindako lanaren emoitzea da ibilgailu hori eta ikasleek proiektuaren errendimendua eta lehiakortasuna hobetzeko egindako ahalegina erakusten dau.

Taldeak denporaldi gogorra izango dau orain, 2025ean bere historiako mugarri handienetako bat lortu ondoren, izan be, Formula Student Bizkaia Formula Student UK lehiaketako irabazlea izan zan, Silverstone zirkuituan jokatutako proban (nazinoarteko egutegiko agertoki enblematiko eta lehiakorrenetako bat da). Emoitza horrek proiektuaren heldutasuna eta ha osotzen daben kideek munduko unibersidade onenetako batzuekaz maila gorenean lehiatzeko gaitasuna baieztatu eban.

Aurrekari hori kontuan hartuta, aurtengo denporaldiko helburu nagusia Silverstonera bueltau eta titulua defendidutea izango da. Emoitzea bera errepetiduteaz harago, injineruak prestetan, teknologia garatzen eta enpresakaz zein erakundeakaz dauen lankidetzea sendotzen hogei urte daroazan proiektu horren jarraitutasuna erakustea izango da erronka nagusia.

2026ko denporaldiak beste mugarri bat ekarriko dau Formula Student Bizkaiarentzat: lehen aldiz Formula Student Germany lehiaketan parte hartuko dau. Txapelketea Hockenheimring zirkuituan jokatzen da eta lasterketa zorrotz eta entzutetsuenetako bat da. Silverstonen eta Hockenheimen aldi berean egoteak taldeak orain arte izandako nazinoarteko erronkarik handiena ekarriko dau.

Formula Student Bizkaiak Formula Student txapelketan, automobilgintza arloko injinerutzearen uniberside mailako lehiaketarik ospetsuenean, parte hartzen dau. Bertan, mundu osoko unibersidadeetako taldeek jarleku bakarreko beren ibilgailuak diseinau, eregi eta defendiduten ditue industriako adituen aurrean. Pistako proba dinamikoez gan, parte-hartzaileak diseinuan, barrikuntzan, bideragarritasun ekonomikoan eta proiektuaren kudeaketan be ebaluetan ditue, sektoreko enpresa batek aurre egin behar deutsen benetako erronkak simulauta.

Proiektuaren 20. urteurrena

FSB2026ren aurkezpenak jarleku bakarreko ibilgailu barria erakusteko baino gehiagorako balio izan dau, izan be, ikaskuntzaz, barrikuntzaz eta ahalegin kolektiboz betetako hogei urte ospatzeko aukerea izan da, baita Formula Student Bizkaia sortu zanetik egitasmoari hazten lagundu deutsen persona, erakunde eta enpresa guztiek egindako lana autortzeko be.

Sortu zanetik hamarkada bi igaro diranean, Formula Student Bizkaia Bilboko Injinerutza Eskolako prestakuntza praktikoko ekimen nabarmenetako bat bihurtu da. Hogei urte honeetan zehar, ehunka ikaslek aukerea izan dabe euren ezagutzak benetako injinerutza ingurunean apliketako, diseinua, fabrikazinoa, kudeaketea, barrikunteza eta taldeko lana buztartuz, etorkizuneko ibilbide profesionalean topauko dituenen antzeko erronkei aurre egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu