Oinarrizko LHko ikasleek ikusgarritasuna irabazi dabe

Bizkaie! 2026-06-19 07:40   Kulturea

Ikaslan Bizkaia, BFA eta Hezkuntza Sailaren OLH Challenge ekimenaren lehen edizinoa izan da.

Bilbon izan da OLH Challenge ekimena, Bizkaiko Lanbide Heziketa publikoko Oinarrizko Lanbide Heziketako lau ikasle-talde batu dira, benetako erronkak lantzeko, euren ideak landueta adituen epaimahai baten aurrean defendiduteko helburuagaz.

Jardunaldiak aurreko hilabeteetan jorratutako lan-prozesuari amaierea emon eutson. Prozesu horretan, parte hartu daben ikasleek euren proposamenak asmau, definidu, eregi eta defendidu behar izan ditue. Proiektu bakotxaren azken emoitzatik harago, OLH Challengek ikaskuntza-testuinguru bat sortzeko aukerea emon dau, ikasleek oinarrizko gaitasunak landu ditue, berbarako, komunikazinoa, sormena, taldelana, autonomia, arazoak konpontzeko gaitasuna, pentsamendu kritikoa eta jentaurrean berba egiteko trebetasuna.

Lehenengo edizino honetan Ostalaritza Galdakao LHII, Iurreta LHII, Leioako Ostalaritza Eskolea LHII eta Bermeoko Nautika eta Arrantza LHII ikastetxeetako taldeek hartu dabe parte. Ekitaldian zehar, talde bakotxak bere proposamena aurkeztu eban epaimahaiaren eta proiektuen garapenean lagundu daben bertaratutakoen aurrean.

Aurkezpenen ondoren, epaimahaiak lau proiektuak autortu zituan:

  • Bermeoko taldeak Aztarna Saria jaso eban, arrastorik handiena ixteko ahalmena dauen proiektuagaitik.
  • Iurretako taldeak Bultzada Saria irabazi eban, bere proposamena berehala ezartzeko gaitasunagaitik.
  • Leioako taldeak Inspirazino Saria jaso eban, proiekturik inspiratzaileena aurkezteagaitik.
  • Galdakaoko ikasleek Ikuskera Saria irabazi eben.

Epaimahaian izan dira Idoia Atxaga Ikaslan Bizkaiko presidenteak, ekitaldiari ekin eutsona; Joserra Gómez eta Maite Pastor, Euskadiko LHko Talentuaren Euskal Institutuko (iTlent) ordezkariak eta Virginia Echavarri Bizkaiko Foru Aldundiko enplegu-teknikaria. Jardunaldia Jon Gómezek gidatu eban eta Bocabeats Comedia bikotearen parte-hartzeak umorea eta musikea ekarri eutsozan ekitaldiari.

Ikaslan Bizkaiak errealidadeagaz, inguruneagaz eta ikasgelatik harago topau leikiezan erronkakaz lotutako ikaskuntza-esperientziak eskaintzen dituan Lanbide Heziketa publikoaren aldeko jarrerea indartzen dau. Horrezaz gan, ikasleei praktikatik ekinez lan egiteko, erabagiak hartzeko, ideak lantzeko eta aurkeztutako proposamenak defendiduteko aukerea emoten deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu