Bermeok hartuko du XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna

Bizkaie! 2026-06-18 07:45   Kulturea

Eskualde osoko 250 jantzari gazte batuko dira.

Busturialdeko euskal jantzearen urteko hitzordu inportanteenetakoa da eta eskualde osoko jantzari gazteak alkartuko ditu, tradizinoa, kulturea eta belaunaldien arteko transmisinoa sustazeko asmoz. Aurtengo edizinoa berezia izango da bermeotarrentzat, Alkartasuna Dantza Taldea bere 50. urteurrena ospatzen baitabil. Urteurren horren harian, Busturialdeko jantzarien topagune nagusiak herrian egingo dira: alde batetik, XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna, bagilaren 21ean; eta bestetik, udagoienean egingo dan Busturialdeko Dantzari Eguna, zemendian, hain zuzen be.

Pasa dan hilean Bermeok Bizkaiko Dantzari Eguna hartu eban eta Lamera izan zan ekitaldiaren agertokia. Ehunka jantzarik eta ikuslek parte hartu eben eta euskal kulturearen aldeko konpromisoaren erakusgarri izan ziran bertan bizi izandako irudi ikusgarriak. Orain be, Lamerea izango da jantzearen eta jai giroaren erdigune.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk azpimarratu dauenez, ohore handia da Bermeo eta bermeotarrentzat Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna hartzea, arabere gehiago Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena ospatzen gabizen urte honetan. Euskal jantzea gure nortasunaren eta kultur ondarearen adierazpen inportantea da, oso pozgarria da ikustea belaunaldi barriek ilusinoz eta konpromisoz eusten deutsela tradizino horri. Domekan Lameran batuko diran ehunka jantzarik erakutsiko dabe gure kultureak etorkizun sendoa dauela.

Danetara, 250 jantzari inguruk parte hartuko dabe XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Egunean, Busturialdeko zortzi jantza talderen eskutik: Alkartasuna Dantza Taldea (Bermeo), Itxas Alde (Bakio), Irrintzi Alai (Busturia), Urdaibai (Forua), Elai Alai (Gernika- Lumo), Baso-Txoritxu (Ibarruri), Lorea (Ibarrangelu) eta Artie (Gautegiz Arteaga).

Jardunaldiaren helburu nagusia da euskal jantzen transmisinoa sustatzea eta belaunaldi barrien lana ikusarazotea. Ume eta gazteek urte osoan zehar egindako ahalegina erakutsiko dabe, eskualdeko jantza tradizinoaren aberastasuna plazara ekarriz. Izan be, jantza taldeek egiten daben lana ezinbestekoa da gure ondare immaterialari bizirik eusteko.

Busturialdeko jantzari txikiek hainbat jantza eskainiko ditue: Dantzari Dantza, umeen olgeta-jantzak, Txulalai, Sardinerak, Markinako Zaragi Jantzak, Ziekoko Jantzak, Txantxoak eta Makil Txikiak, Gorulariak eta Domingillo. Jardunaldia amaitzeko, talde guztietako jantzariak batu eta Olagueko Esku Jantzea interpretauko ditue.

Egitarauari jagokonez, jantza talde guztiak 11:30ean batuko dira Taraskan. Handik, 11:45ean, kalejirea egingo dute Lameraraino, eta 12:00etan hasiko da jantza emonaldia.

Atontzaileek herritarrak eta bisitariak animetan ditue ekitaldira bertaratu eta euskal kulturearen adierazpen bizienetako batez gozetako. XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Egunak, beste behin be, jantzearen bidez eskualdeko herrien arteko loturak sendotuko ditu, tradizinoaren transmisinoa bermatuz eta etorkizuneko jantzariak autortuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu