'Argizaiola Trofeoa' irabazi dabenen erretratuak Bilbon

Bizkaie! 2026-06-04 11:46

Expodistrito progranearen barruan.

Aitatau programea Bilboko Udalak atondutako aldi baterako erakusketa deszentralizatuen zikloak, "Argizaiola Trofeoa" erakusketea hartuko dau, Abando Udaltegian, bagilaren 30era arte. Bertan, 1978 eta 2026 urteen artean sari ospetsua irabazi ebenen argazkiak batzen dira. Bihar barikua, bagilak 5, erakusketearen inaugurazino ofiziala egingo da 19:00retatik aurrera.

"Argizaiola Trofeoa" Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak (EHATE) atontzen dau, 25 argazki-alkarte batzen dituana, eta Euskadiko argazkigintzearen lehiaketen lehiaketea, hain zuzen, bertan alkarte federatuek atondutako lehiaketetan saritutako lanek parte hartzen baitabe.

Parte hartzeko konbidapena emoten daben lehiaketak ondokoek atontzen ditue: Ortzadar Ordizia, Argizpi, Distira, UK Foto, Club Deportivo Eibar, Tolosaldeko Argazkilari Taldea, Zarauzko Argazkizale, Ikatza, Arizondo-Photoka, Artgazki Arrasate eta Agrupación Fotográfica de Navarra -AFI.

Erakusketa honek, trofeo honen ibilbidea eta euskal argazkilarien talentua jagon, zabaldu eta balioan jartea helburu dauena, lehenengo aldiz erakusketa berean batzen ditu Argizaiola Trofeoa ospetsuaren argazki irabazleak, 1978tik 2026ra bitartekoak.

Erakusketa bost fasetan atondu da, Euskadiko argazkigintzearen bilakaera teknikoa, estetikoa eta tematikoa islatuz:

1. 1978–1989: Argizaiolaren jatorria eta begirada dokumentala.

2. 1990–1999: Sendotze artistikoa eta kolorearen hedapena.

3. 2000–2009: Argazkigintza digitalaren etorrerea.

4. 2010–2019: Sormen-aniztasuna eta narratiba barriak.

5. 2020–2026: Argazkigintza garaikidea eta egungo erronkak.

Proiektu hau Euskadiko argazkigintzearen historia biziari egindako omenaldia da, gure lurraldean argazkigintzan dabizen personen sormena eta talentua ospatzeko konbidapena be bada.

Expodistrito

Aldi baterako erakusketen ziklo deszentralizatu bat da, Bilboko Udalak atondutakoa. Aurten, argazkigintzea, pinturea, jantzien diseinua, ilustrazino grafiko eta publizitario eta interiorismo arloetako proposamenak eskaintzen dira udabarrian.

Bagilaren 30era arte, Bilboko auzoetako Udaltegiek ziklo honetako erakusketak hartuko ditue. Atal barri honetan, San Inazio-Ibarrekolanda, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Santutxu, San Frantzisko, La Bolsa, Abando eta Errekaldeko Udaltegietan Expodistrito alkartearen proposamen artistikoez gozau ahal izango dira.

Artearen eta sormenaren sektoreari laguntzeko ekimen hori Bilbon sorkuntzea eta barrikuntza bultzatzeko estrategiaren zutabeetako bat da, Bilboko Kulturearen 2023-2033 bitarteko Plan Estrategikoan jasoten dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu