49. Getxoko Jazzaldiak euskadiko jazz zirkuituari ekingo deutso

Bizkaie! 2026-06-03 09:24   Musikea

Garagarrilaren 1etik 5era.

Aurtengo egitarauan Moisés P. Sánchez, Camille Thurman, Charles Lloyd, Immanuel Wilkins eta Latin Miles Pepe Rivero kubatar pianisteak gidatutako Miles Divesen omenezko proiektua nabarmentzen dira. Horreez gan, Talde Lehiaketako talde gazteen kontzertuak eta dobako kale-programazino zabala izango dira Algortako Geltokia plazan, baina baita, lehen aldiz, Muxikebarri parean eta Areetako uri-ingurunean be. Ordainpeko kontzertuetarako sarrerak eta abonamenduak salgai dagoz Getxo Kulturako ohiko kanaletan.

Abonu kontzertuen proposamena (Muxikebarri; 22:15) garagarrilaren 1ean hasiko da Moisés P. Sánchez pianista eta konpositorearen eskutik. Grammy Latinorako izentauta, birritan Musika Independentearen MIN Saria irabazi dau, artista madrildarra Espainiako jazz-eszenaren balio nagusietako bat da, hainbat hamarkada baitaroaz hizkuntza propioa garatzen, besteak beste, musika garaikidea, rock progresiboa edo soinu sinfonikoak, haria eta emozinoa galdu barik. Getxon, besteak beste, Dedication II azken laneko kantuak joko ditu, eta laukotera bueltauko da orain hamabost urte New Yorken grabautako izen bereko diskoaren lehen zatiari jarraipena emoteko. Horretarako, Javier Vercher (saxo tenorra), Toño Miguel (kontrabaxua), Naima Acuña (bateria) eta, konbidadu berezi Cristina Mora abeslaria izango ditu lagun.

Bigarren egunean, hilaren 2an, eguenean, Camille Thurmanen (New York, 1986) txandea izango da, jazzaldian indar gehieneko saxofoi-jotzaile, abeslari eta konpositoreetako bat. Errepertorio klasikoaren eta originalaren ikuspegi musikal berezia tradizinoaren eta barrikuntzaren arteko buztarketea maite dauena. Birritan irabazi dau Konpositore Gazteentzako Herb Alpert Saria eta Enbaxadore Kulturalentzako Fulbright Beka ospetsua irabazi dau. Thurman izan zan mundu osoan Jazz at Lincoln Center Orchestran parte hartu eban lehen emakumea.

Hurrengo egunean, garagarrilaren 3an, barikuan, Getxo Jazzak aurtengo edizinoko hitzordu nagusietakoa biziko dau, Charles Lloyd (1938; Memphis, Tennessee) saxofonista eta konpositore ospetsuak joko baitau. Joan dan mendeko 50eko hamarkadearen amaieran ekin eutson ibilbide musikalari baina 60ko hamarkadan gero eta ospe handiagoa lortu eta Ornette Coleman, Chico Hamilton, John Coltrane, Miles Davis, Michel Petrucciani, Keith Jarrett edo Charles Mingus lako musikariakaz kolaborau eban. Getxo Jazz jaialdira hirukote formatuan joango da Jason Moran (pianoa) eta Marvin Sewellekin (gitarra).

Garagarrilaren 4an, Sketches of Latin Miles izango da, Kubako zazpi musikari ezagunek osotutako proiektua, amerikar tronpetista handia omentzeko. Artistearen jaiotzearen mendeurrenagaz bat eginez, septetoak haren musikea latin jazzaren eremuetara eroaten dau artistearen etapa askotan zehar, bebop eta Illinoisko maisuaren bersino elektrikoena alde batera itxi barik. Pepe Rivero pianisteak gidatuta, Karibeko musikako izen nabarmenak batu ditu taldeak.

Garagarrilaren 5ean, , Immanuel Wilkins (1997, Philadelphia) saxofonista gazteak zarratuko dau jaialdia, jazza tradizino bizi, arrisku-lurralde eta beste arte batzuekaz bat egiteko espaziotzat hartzen dauen belaunaldi barri bateko erreferentea. The New York Times-ek 2020ko jazz diskorik onena izentau eban Omega diskoagaz egin eban estreinaldi ederragaz hasi eta Blues Blood bere azken lanera arte, begirada  edegiago bategaz, ahotsak eta testura barriak txertatuz, esentzia galdu barik: zintzotasuna, espiritualtasuna eta konexino ahalmen indartsua. Oraingoan, laukotean etorriko da Getxora, Micah Thomas (pianoa), Ryoma Takenaga (baxua) eta Kweku Sumbry (bateria).

Informazino gehiago eta sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu