BBK Legends Bilbaoren 'Warming Up' hemen da

Bizkaie! 2026-05-27 10:52   Musikea

Musikea ugari Bilboko kaleetan autobús ibiltari baten gainean.

Datorren zapatuan, bagilaren 6an, jaialdiaren aurreko jarduereak zuzeneko musikea eroango dau Bilboko kaleetara, Bilbobusen autobus turistiko deskapotable baten gainean. Doban da eta publiko guztiei edegitako proposamena, igaz bezela, Festival Internacional Arte Sobre Ruedas Villa de Bilbao jaialdiaren programazinoaren barruan egingo da, BBK Legends Bilbaok 10. urteurrena ospatu aurretik giroa berotzeko.

Bilbobusen autobus turistiko deskapotable batean egingo dan musika-ikuskizun ibiltaria izango da; haren goiko aldetik zuzenean joko dau Bwatzabal Band Bilboko taldeak eta rock estiloko klasikoak eskainiko ditu; proposamen berezi horrek BBK Legends Bilbaoren espiritua kalera atarako dau jaialdia egin baino aste batzuk lehenago. Ekimenaren helburua da jaialdiak urian dauen presentzia indartzea eta haren espiritua publiko guztientzako jarduera edegi, hurreko eta parte-hartzaileagaz lotzea.

Bagilaren 6an, goizean, taldea ibilgailuaren goiko aldetik zuzenean joten ikusi ahal izango da, Bilbobusen autobus turistikoaren ohiko ibilbidean dabilen bitartean. Ikuskizunaren momentu nagusia arratsaldean helduko da: orduan, autobusa Festival Internacional Arte Sobre Ruedas Villa de Bilbao jaialdiko ibilgailuen desfile ofizialean sartuko da, 18:30etatik 20:30etara. Ibilbidea Plaza Biribilean hasiko da, Kale Nagusitik Moyua plazaraino joango da, eta barriro Plaza Biribilera bueltauko da; uri-zirkuitu horri hiru buelta jarraian egingo deutsoz parte hartuko daben ibilgailu klasiko eta kirol-ibilgailuakaz batera.

BBK Legends Bilbaoren eta Festival Internacional Arte Sobre Ruedas jaialdiaren arteko lankidetzeak barriro alkartuko ditu herri-kulturan presentzia handia daben mundu bi: rocka eta motorra. Historia, benetakotasuna eta belaunaldien artean emozinoa biztuten jarraitzeko gaitasuna konpartiduten dituen uniberso bi.

Atontzaileek herritarrak animatu nahi ditue egun horretan Bilboko erdigunera hurreratu, erruberadunaren gaineko musika-proposamen honetaz eta arratsaldeko desfile ofizialean parte hartuko daben ibilgailu klasiko eta kirol-ibilgailuez gozau deien. Festival Internacional Arte Sobre Ruedas Villa de Bilbao jaialdiaren programazinoari buruzko informazino guztia www.fevebask.eus webgunean konsulta daiteke.

BBK Legends Bilbao ekitaldia, BBK Banku Fundazinoaren eta Bilboko Udalaren babesari esker eta Dekker Eventsek atonduta, 2026ko bagilaren 26an eta 27an egingo da Bilbao Arenan, lehen edizinoa egin zanetik hamar urte beteko diranean. Jaialdiak nazioarteko rockaren izen nabarmenak batuko ditu edizino berezi honetan, ibilbide luzeko artistak eta publikoaren belaunaldi askogaz konektetan daben proposamenak buztartuz.

  • Lehenengo jardunaldia bagilaren 26an izango da, barikuan, eta Chris Isaak izango dau buru, Silvertone taldeagaz batera; gainera, egun horretan artisteak 70. urtebetetzea ospatuko dau. Kartela Cracker taldeak eta Dea Matrona bikote irlandarrak osotuko dabe.
  • Bagilaren 27an, zapatuan, Tom Morelloren txandea izango da. Rage Against the Machine eta Audioslave taldeen sortzaileetako bat da Morello eta 2026an Estatuan eskainiko dauen kontzertu bakarra izango da, baita musikariak Euskadin egingo dauen lehenengo bisitea be. Jardunaldi horretan Beat taldeak be joko dau, Steve Vai, Adrian Belew, Tony Levin eta Danny Careyk osotutako supertaldeak, King Crimsonen laurogeiko hamarkadako errepertorioa berreskuratzen dauena, baita Graveyard talde suediarra be.

BBK Legends Bilbaorako eguneko sarrerak eta bi eguneko bonuak salgai dagoz dagoeneko jaialdiaren webgune ofizialean; bertan konsultau daitekez kontzertuen ordutegiak: www.musiclegendsfestival.com.

Gainera, BBK Legends Bilbaok WhatsAppeko kanal ofiziala jarri dau martxan, publikoari jaialdiagaz lotutako nobedadeak, informazino praktikoa eta oharrak errazago helarazoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu