German Zorrakinen argazki-bildumea bistaratu dau Gerediagak
2026-05-07 07:40 Kulturea1.549 aleko bildumea konsultau hemen.

German Zorrakin argazkilariaren funtsa jarri dau Gerediaga Alkarteak webgunean, ondare horren konsultea herritarren eskura egon daiten, izan be, Durangaldeko historia eta ondarea jasoteko martxan dauen egitasmoetako bat da argazki-artxiboari loturikoa. Pasa dan mendeko 80ko hamarkadatik hona hainbat bilduma sailkatu eta digitalizetako lanean ibili eta gaur egun be arlo horretan dabil. Zorrakinen funtsaren aurretik, beste honeek sareratu ditu: Arregi Campo, Karlos Merino, Ignacio Ansorena, Mendiolako Auzo Eskola eta Alejandro Landaburu bildumako atal bat (beste moltso handi bat digitalizetako bidean dago, Eusko Jaurlaritzearen laguntza bati esker. Beraz, dokumentategi fisikoan egoteaz gan online be konsultau daitekez argazkiak, gerediaga.eus webguneko funtsen atalean.
German Zorrakin argazkilaria Bilboko Begoña auzoan jaio zan 1886ko maiatzaren 17an. Oso gazte hasi zan ikasten aitagaz, Bilboko Correos kaleko estudioan. 1909an Circulo de estudios Vascos izenekoak atondu eban argazki lehiaketea irabazi eban, euskal baserritarren, arrantzaleen eta baserri zaharren erretratu plaken bildumak egiteko. 1913an ezkondu ostean, maila profesionalean profesionalean bakarrik ekitea pentsau arren, ez eban gura Mauricio aita lehiakide izatea eta Durangora etortea erabagi eban. 1914an Ermodo kaleko Fabian Areitioren lorategian argazki estudio propioa edegi eta estudio-kamera handia jarri eban. Bonbardaketearen eraginez eraikinak kalteak jasan zituanez, Zumalakarregi kalera lekualdatu zan, Ezkurdi ondora. Durangon erreferentziazko argazkilaria izan zan.
Bonbardaketen ondorioak, argazkietan
Danetara, Zorrakinen funtseko 1.549 argazki dira webgunean ikusgai jarritakoak. 30eko hamarkadan kalidade handiko postalak argitaratu zituan, Durangoko paisajeak eta monumentu aitagarrienak erretratetako. 1936ko estadu kolpearen osteko gerreak be bere lanean eragin eban, izan be, agintariek Otxandioko bonbardaketeari buruzko argazki erreportajea egiteko mandatua emon eutsen lehenengo, eta 1937an Durangoko bonbardaketearen ondorioak jaso zituan bere argazki-kamereagaz.
German Zorrakinek sasoi haretako gizartea eta bizitea erretratau zituan: eguneroko bizimodua, ekitaldi erlijioso zein politikoak, gerrako fronteak, Durangoko herritarren ezkontzak, bataioak eta jaunartzeak, besteak beste.
Funtsen atal barria webgunean
Zorrakinen argazki-bildumea sareratzeagaz batera, funtsei eskainitako atal barria estreinau dau Gerediagak webgunean. Orain arte dokumentategiko ale guztien artean (liburuak, aldizkariak, dokumentuak...) bilatu eitekezan, multzo zehatz batean kokatu barik. Atal barriari esker, argazki funtsetan arakatu gura daben herritarrek errazago egin ahalko dabe bilaketea; alde batetik, funts osoa batera ikusteko modua eukiko dabe eta, bestetik, bilatzaile baten bidez berba gakoak sartuta egin ahal izango dabe konsultea.
Gerediaga Alkarteko artxiboan era askotako argazkiak dagoz: eskualdeko bizitea, gizartea, ohiturak eta tradizinoak islatzen ditue. Beraz, material hori guztia eskualdeko historia ulertzeko ondare garrantzitsua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
