Pedalen erritmoan datorren alkartasuna: bizitearen aldeko 450 kilometro
2026-05-07 07:45 KultureaBermeoko Ziklistek eta Castejongo El Patorrillo Peñeak egun biko erronka solidarioa egingo dabe.
Badira helmugara heltzeko egiten diran bideak; badira, ostera, bidean bertan zentzuna eregiten dabenak. Maiatzaren 9an eta 10ean, azken horreetako bat marraztuko da errepidean: Bizitzaren alde alkartasun erronkea. Distantzia zehatza gainditzea eta ahaleginaren bidez beste askoren bizitzetara helduko dan keinu kolektiboa be bada.
Bermeoko Ziklistek taldeak, Castejongo El Patorrillo Txirrindulari Peñeagaz batera, 450 kilometroko joan-etorria egingo dabe egun bitan, kostaldetik barrualdera eta handik barriro itsasertzera (Bermeo-Castejon- Bermeo). Ibilbidearen berezko esangurea da joanaren eta bueltearen artean, minbiziaren aurrean bizi dan prozesuaren isla, hain zuzen be, diagnostikoaren etenaldia eta burrukearen bidez egindako bueltea.
Pedalei eraginez, gorputzak nekea sentiduko dau baina borondateak eutsiko deutso erritmoari. Txirrindulariek badakie ahalegin hori ez dala kilometroetan agortzen: ordezkatzen dauen horretan dago benetako balioa. Egunerokoan, isilean, eten barik burrukan dabizenen indarra daroe bidelagun. Euren esfortzuak ez dau oihurik behar; bidean bertan bihurtzen da berba. Ibilbide honek, beraz, dimensio fisikoa ez eze, sinbolikoa bere badauka: gorputzaren eta gogoaren arteko etenbako alkarrizketea, aurrera egiteko ezinbesteko indar biren buztarketea. Hor dago erronkearen esentzia: ahalegina esentzia bihurtzea eta esentzia hori gizarteari bueltetea.
Ekimenak Minbiziaren Kontrako Espainiako Alkartearen babesa dauka eta batutako dirua gaixotasunaren kontra egiteko bideratuko da. Horrezaz gan, herritarrei parte hartzeko hainbat bide eskaini jakez, alkartasunaren sarean norbere ekarpena egiteko aukerea zabalduz.
Momentu berezia izango da maiatzaren 10ean, Bermeo harrera beroa eta egitarau potoloa atondu dabelako. 13:00etik aurrera, Dantzaz Blaik, Kanta kanta Lorue, Bermeoko Abesbatzak eta umeentzako Kirik girotuko dabe Lamerea. 15:00etatik aurrera, barriz, Apokhalipsis, Addar eta Tximino taldeen kontzertuen txandea izango da. Txirrindulariak 16:00-16:30 tartean helduko dira eta momentu horretan, egindako bide luzeak autortza publikoa jasoko dau, herritarren txalo eta harrerearen bidez.
Helmuga horrek sinbolismo berezia dauka baina heltzeaz gan, konpartidutea da kontua. Egindako ahalegina komunidade oso baten esku ixtea eta bidean batutakoa zentzun kolektibo bihurtzea.
Urteak daroez halako ekimenak sustatzen, diskrezinoz baina sendo, beste batzuen aldeko konpromisoa ardatz hartuta. Oraingoan be, erakutsi dabe alkartasuna ez dala adierazpen hutsa, praktikan gauzatzen dan jarrera etikoa baino, izerdiz eta determinazinoz eregia. Testuinguru horretan, udal ordezkariek be ekimenaren balioa nabarmendu dabe. Xabier Ortuzar Butron kirol zinegotziak adierazo dauenez, erronka hau oso berezia da: ahalegin personala kolektibo bihurtzeko gaitasuna eta, esangura horretan, txirrindulariok erakusten dabe konpromisoa ez dala agortzen, ekintzatan berresten da, kilometroz kilometro. Herri oso baten duintasuna daroe bizkar gainean.
Amaitzeko, Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk adierazo dau erronka honek ezagutzera emoten dauela herriaren konpromisoa: alkartasunean errotutako komunidadea gara, bizitearen aurrean jarrera sendoa dauena. Txirrindulariek egingo daben bidea ez da kilometroetan agortzen; gizarte osoari dei egiten deutso, inor atzean geratu ez daiten. Domekan, maiatzaren 10ean, Lameran, hareen ahalegina autortu eta komunidade lez dogun sendotasuna berrestea da asmoa. Bermeok badakielako erantzuten. Danok, bizitearen alde.
Erronka hau ez da 450 kilometrotan agortzen, ezta egun bitan amaitzen be. Benetako neurria da pizten dauen kontzientzia, sortzen dauen loturea eta gogorarazoten deuskun egia: inork ez leukela bakarrik egin behar holako biderik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
