I Baschi alla Biennale 1976/2026, maiatzaren 6tik 8ra
2026-05-06 10:30 Kulturea1976an, euskal artista talde batek Veneziako Biurtekoan kokatu eban bere ahotsa.
Berrogeita hamar urte aurrerago, Euskadi beste leku batetik eta beste tresna eta hizkuntza batzuekaz bueltau da Veneziara, baina betiko uste sendoari eutsiz: kulturea munduan biziteko modu bat dala. Testuinguru horretan erakutsitako programeak ibilbidea egiten dau joandakoaren eta orainaren artean eta memoriaren eta sorkuntzearen artean. Hainbat alderdi batzen ditu —alderdi akademikoa, artistikoa eta instituzionala— eta eragile, artista eta pentsalariei dei egiten deutse alkarregaz aztertzeko eta zabalkunde ariketa bat egiteko. Beraz, ekimenak memoria kulturala osotzen dauen mugarria ospatzea, jazoera ha modu kritikoan berraztertzea eta, batez be, sortzaileen belaunaldien arteko alkarrizketea bultzatzea ditu helburu. Artea topaketarako, transmisinorako eta askatasunerako gune bezela pentsetako konbita da.
Jardunaldi akademiko honek Euskadik kulturearen, artearen eta pentsamenduaren bidez nazinoarteko testuinguruan dauen zereginari buruzko hurbilketa bat proponiduten dau, 1976ko Veneziako Biurtekoa ardatz hartuta. Gizarte-eraldaketak, diskurso artistikoak, agertzeko eta identidadea adierazoteko moduak eta euskal kulturearen erronka garaikideak aztertuko dituen adituak batzen ditu. Veneziako Ca’ Foscari Unibersidadeak eta Etxepare Euskal Institutuak zuzentzen dabe, Euskal Herriko arte Garaikidearen Museoagaz – Artium Museoagaz lankidetzan, Monika Madinabeitiak (Etxepare Euskal Institutua), Elena Roserasek (Artium Museoa) eta Miren Vadillok (Euskal Herriko Unibersidadea) osotutako batzorde akademiko baten bidez.
Ekimen hau Iñaki Alfaro irakurleak Euskal Programearen barruan (Veneziako Ca’ Foscari Unibersidadea eta Etxepare Euskal Institutua) atondutako mintegiaren atarikoa da. Biennale Sessions 2026 programearen barruan egingo da mintegia, Veneziako Biurtekoak atontzen dauen artearen Nazinoarteko 61. Erakusketea, In Minor Keys izenekoa, dala eta.
Berbaldiek italierarako interpretazinoa izango dabe.
2026an berrogeita hamar urte beteko dira 1976 Veneziako Biurtekoan euskal presentzia markau eben ekitaldietatik. Urteurren horren testuinguruan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak—Artium Museoak, azterketa-kasu bat aurkeztuko dau jazoera entzutetsua barrikusteko, ikerketarako eta aktibazino dokumentalerako proiektu zabalago baten zati lez, izan be, Franco diktadorea hil ondorengo transizino politikoa eta eskaera demokratikoen sorrerea ezaugarri zituan momento historiko haretan, nazinoarteko proiekzinorako agertoki bihurtu zan Venezia. Barrikuste horren helburua ez da jazoera ha modu linealean berreregitea, ikuspegi garaikide batetik barrikustea baino, haren aukera-baldintzei zein egungo oihartzunei erreparauta. Ordutik igarotako denporeak aukerea emoten dau 1976ko Biurtekoa jazoerai isolatu lez ez hartzeko, inflexino-puntu lez kultura-sareak finkatzeko eta gaur egun artea eraldatzen jarraitu dauen imajinario kolektiboa eratzeko baino.
Horren harian, sasoi haretan Venezian erakutsitako filmak berreskuratuko dira Artium Museoak Palazzo Contarinin egingo dauen aurkezpenean. Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur (1968), Jose Mari Zabalaren Axut (1975), Jose Angel Rebolledoren Arriluce (1971 – 1975) eta Jose Antonio Sistiagaren …ere erera baleibu izik subua aruaren… (1968 – 1970), bai eta Artze anaien soinu-zati bat be, Ikimilikiliklik musika eta ikus-entzunezko ikuskizunean parte hartu ebana Mikel Laboaren eskutik.
Pieza horreekaz batera, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren—Artium Museoaren, bildumako bi margolan bi dagoz. Mari Puri Herreroren Juicio de Burgos (manifestación) (1971) eta Damaris Panen Dobla (2021).
Horreez gan, Contarini jauregian, Itziar Okariz artistearen Irrintzi Repetición (2026) eta Tripak kolektiboaren Tripak Tokitik (2026) performanceak eskainiko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
