Kulturearen Udal Kontseilua martxan Bilbon
2026-05-06 07:36 KultureaUdaleko, beste erakunde publiko batzuetako eta kultura-sektore pribatuko ordezkaritza zabala batuko da.
Kontseiluaren sorrerea 2023-2033 aldirako Kulturearen Plan Estrategikoan jasotako ekintzetako bat da eta Udalaren eta Bilboko kultur sektorearen arteko lankidetzea eta komunikazinoa sustatzeko asmoaren barruan kokatzen da.
Bilboko Udalak Kulturearen Udal Kontseilua eratzeko batzarra egin dau, kide anitzeko organo aholku-emoilea da, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailari atxikia, eta uriaren garapen kulturalari laguntzeko tresna egokia izateko jaio da, Bilbon dabizan kultur eragile guztien parte-hartze aktiboa, inplikazinoa eta erantzukidetasuna bultzatuz.
Kontseiluak informazino, eztabaida, proposamen, konsulta eta aholkularitza-eginkizunak beteko ditu udalaren kultur politikeari jagokonez. Zeregin horreek behar bezela bete ahal izateko, Udalak beharrezko giza baliabideak eta bitarteko teknologiko eta juridikoak eskainiko deutsoz.
Helburu nagusien artean honako honeek dagoz: Bilboko kultur jarduereari buruzko hausnarketea bultzatzea, haren kalidadea, sormena eta barrikuntzea hobetzea, aniztasuna eta kohesinoa sustatzea, bardintasunean eta inklusinoan aurrera egitea, euskerearen erabilerearen normalizazinoa sustatzea eta, kulturatik, Garapen Jasangarrirako Helburuei laguntzea.
Kulturearen Udal Kontseiluaren Osoko Bilkurea udal-eremuko, beste erakunde publiko batzuetako eta kultura-sektore pribatuko ordezkariek osotzen dabe, Bilbon dabizan kultura-diziplina eta arlo nagusien presentzia bermatuz.
Udal-eremuan, Kontseiluaren eremuagaz lotutako eskumenak dituen sailetako zuzendaritzek parte hartzen dabe, besteak beste, Kultura, Euskerea, Jaiak, Gazteria edo Hezkuntzea, bai eta udaletako kultura-erakundeen kudeatzaileek be: Arriaga Antzokia, BilbaoArte, Bilbao Musika, Azkuna Zentroa eta Bilbao Ekintza.
Kontseiluan beste erakunde publiko batzuetako ordezkariak be egongo dira: Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, bai eta urian jarduten daben kultura-erakunde nagusietako ordezkariak: Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilbao Bizkaia Museoak, Itsasmuseoa, Euskalduna Bilbao, Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS), Dantzerti eta Blas de Otero Fundazinoa.
Sektore kultural pribatuari jagokonez, hainbat eremu artistiko eta kulturaletako erakundeak dagoz ordezkatuta: arte eszenikoak (Eskena, ADDE eta 6. Pabilioia); arte bisualak (FIG eta Galería Lumbreras); musika klasikoa, korala eta tradizionala (BAE eta ABAO); musika modernoa (Last Tour); ondare kulturala eta euskerea (BDB, Azkue Fundazinoa, Labayru Fundazinoa eta Euskaltzaindia); liburua (Editoreen Gremioa eta Bizkaiko Liburu-denden Alkartea), garapen komunitarioa (UN Etxea), ikus-entzunezkoak (Mendi Film eta Golem Zinea) eta industria sortzaileak (IED Kunsthal eta Karraskan).
Era berean, Bilboko Udalean dagozan talde politikoetako ordezkariek be parte hartzen dabe Kontseiluan.
Kontuak kontu, Kulturearen Udal Kontseiluaren Osoko Bilkurea eratuta geratu da 45 bokal tarteko dirala. Kulturearen Udal Kontseiluaren Antolaketa eta Funtzionamendurako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Udalaren Osoko Bilkureak 2026ko urtarrilean behin betiko onartua), bokal horreek (udal-organo horretan parte hartzea era formalean onartu daben entitate eta erakundeetakoak), presidenteak, presidenteordeak eta idazkariak osotuko dabe Osoko Bilkurea.
Kontseiluaren Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, eta Osoko Bilkureak botazinoa egin ondoren, Kulturearen Udal Kontseiluko Batzorde Betearazlea holan osotuta geratuko da:
- Presidentea: Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea.
- Jarduneko presidentea: Gonzalo Olabarria, Kultura eta Gobernatza zinegotzia.
- Lehenengo presidenteordea: Itziar Urtasun, Bardintasun eta Jaietako zinegotzia eta Kultura Albokoa, Alkateak izentautakoa.
- Bigarren presidenteordea: Begoña Guzmán, UNESKO Etxea-ko Kultura arduraduna, Kontseiluaren Osoko Bilkureak aukeratua.
Batzorde Betearazleko kideak:
- Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, Alkatetzeak izentauta.
- Iurdana Acasuso Azkue Fundazinoko zuzendaria, Kontseiluko Osoko Bilkureak hautatua.
- Ramón Barea Pabellón 6ko presidentea, Kontseiluko Osoko Bilkureak hautatua.
- Idazkaria: Kultura saileko funtzionario bat, berba egin bai baina boto emoteko aukera barik.
Izentapen horreekaz guztiz operatibo geratzen da Kontseiluaren gobernu-egiturea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
