II. Euskal Literatura Nafarroan Jardunaldiak atondu ditu Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2026-05-05 10:20   Kulturea

Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesari esker.

Euskaltzaindiak Euskal Literatura Nafarroan izeneko jardunaldiaren bigarren edizioa aurkeztu dau gaur Akademiaren Nafarroako ordezkaritzan, Nafarroako idazle-talde bategaz alkarlanean atondutakoak, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesari esker. Jardunaldiaren helburua da, euskal literaturan eta Nafarroan zehatz sortzen diran lanak eta euskeraz idazten daben sortzaileak ezagutarazotea eta hauspotzea. Gaurko agerpenean, Jabier Arakama Euskarabideako zuzendari-kudeatzaileak, Aitziber Campion Iruñeko Euskera, Hezkuntza eta Herritarren Partaidetza Alorreko zinegotzi ordezkariak, Paskual Rekalde Euskaltzaindiako Jagon sailburuak, eta Castillo Suárez euskaltzain osoak parte hartu dabe.

Paskual Rekaldek eskerrak emon deutsee Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari egitasmo honi empn deutsen babesagaitik, eta Nafarroako erakunde askogaz Akademiak sinatuta dituan hitzarmenen indarra nabarmendu dau, «horreen egitekoen artean bete-betean sartzen baita gaur hemen aurkeztu nahi dogun Euskal Literatura Nafarroan jardunaldia».

Aitziber Campionek eskerrak emon deutsoz Euskaltzaindiari, «Iruñea euskerearen eta euskal kulturearen topagune bihurtzen laguntzeagaitik. Iruñea jardunaldion agertoki eta euskerearen eta euskal kulturearen bizileku be bada eta izan nahi dau, eta gero eta gehiago gainera», adierazo dau.

Beste alde batetik, Jabier Arakamak azpimarratu dau jardunaldiok euskaldunon topagune be badirala: «guk hasieratik ikusi genduea begi onez ekimena, alderdi askotatik diralako egokiak holakoak euskerarako, eta euskal kulturarako oro har: zabalkuntzea, prestigioa, euskerearen ezagutza eta erabilerea (...) Gainera, aurtengo gaia, zinemearena, bereziki interesgarria begitantzen jaku euskerearen ispilu bikain bihurtu jakulako zineema azken urteotan, eta erakutsi deusku zenbait muga, nahiz eta apurtezinak iruditu askotan, gainditu daitekezala zenbaitetan».

Ondoren, Castillo Suárez euskaltzain osoak aletu dau egitaraua. Igazko jardunaldian euskal literatureak Nafarroan dauen egoera aztertu bazan, aurten zinemearen eta literaturearen arteko

hartu-emonak jorratuko dira, hain zuzen, zinemeak literaturzaletasunean dauen eragina, aspaldikoa baita diziplina bien arteko lotura hori, eta azken urteotan ugaldu egin da. Azkenik, oraintsu
poesia-lanak argitaratu dituen Nafarroako zenbait poeta konbidau dira, euren lanak jenaurrean irakurri deiezan.

Kazetari batek Nafarroako literaturak azken urteotan izan dauen hazkundearen arrazoiak eskatu deutsozanean, Altsasuko euskaltzainak ondokoa nabarmendu dau: «ez da izan bat-batekoa, lehenagotik baitator, baina orain arte oso ikusezina izan da. Zeozeren isla da nafar literaturearen gaur egungo hazkundea». Baina dana ez da abantea nafar literaturan, eta aje batzuk be zehaztu ditu: «ogikoa danez, oraindino be oso Iruñerrikoa da nafar literaturea, Iruñerrian baitago euskaldun kopururik handiena (...). Gogoratuko dot euskerazko nafar liburuak Donostian aurkezten dirala gehienetan, baina gero Iruñean be aurkezten dirala. Lehen ez zan holakorik jazoten (...). Gaur egun argitaratzea maila ekonomikoan errazagoa da, horrek be laguntzen dau (...). Generoen orekearena be interesgarria da: lehen eleberria baitzan estimaduena, baina orain oso orekatua da generoen arteko argitalpenen ehunekoa. Esaterako, 1975etik 2024ra arte 134 nobela eta 97 saiakera argitaratu dira, antzerki- lanak 29 (...). Eta azkenik nabarmendu behar da Nafarroan baditugula argitaletxe inportanteak, Pamiela, Denon artean, Txalaparta... Hori be aipagarria da».

Holan, egun bi hartuko ditu aurtengo ekimenak, maiatzaren 8a eta 9a, eta Iruñeko Kondestablearen Jauregian izango dira ekitaldiok.

  • Maiatzaren 8an, Zinemea eta literaturea barriketaldia izango da, 18:30ean. Bertan, zinemarako egokitutako literatur lanak, egokitzapen prozesuan gainditu beharreko erronkak eta bestelakoak izango dira berbagai. Horretarako, zinemearen eta literaturearen arloan eskarmentu handiko lau adituk (Pello Lizarralde, Gaizka Izagirre, Imanol Rayo eta Begoña del Teso) beuren eretxiak eta bizipenak konpartiduko ditue, Ariane Kamio kazetariak gidatuta.
  • Maiatzaren 9an, barriz, poesia-errezitaldi bat izango da 12:00etan, Poesiagintza berri bat zedarritzen izenburuaren harian. Bertan, Uxue Juarez, Hasier Larretxea eta Arantzazu Lizartza nafar poetek eurenn poemak irakurriko ditue. Alicia Erkuden Griffiths Turrillas harpa-jotzaileak girotuko dau errezitaldia.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu