beharsarea.eus atariak euskerazko lana sustatzeko hiru kanpaina jarriko ditu martxan
2026-05-04 12:45 KultureaEuskarazko lanekin match egin! goiburuari eutsiz.
Beharsarea atari digitala 2011tik martxan badago be, igaz atondu eben lehenengoz ekinaldia hiru kanpaina abiarazoz; eta formula barri horren emoitza onak ikusita errepetidutea erabagi dabe aurten. Zehatz bigarren kanpaineak, umeak jagon edota eskola-laguntzea eskaintzeari zuzendutakoak, sekulako harrerea izan eban, irailean batez be, adierazo dabe ekimenaren sustatzaileek. Iragarki asko jaso genduzan arlo bi horreetan lan bila edota langile bila ebizan herritarren aldetik. Gauzak holan dirala, aurten be hiru kanpainetan ardaztuko dabe ekimena, Euskarazko lanekin match egin! goiburuari eutsiz.
Holan, igaz bezela, lan-Boltsen bidez egituratu da zerbitzua, eta horreetan oinarrituko dira hiru kanpainak. Batetik, udako aisialdira begira begirale eta entrenatzaileei jagokena, gaurtik bertatik hasita indarrean dagoana; bestetik, ikasturte barriaren atarian umeak jagon edota hareei eskolak emongo deutseen langileei zuzendua; eta azkenik, Gabonetako kanpaineari begira, merkatari eta ostalariena. Bestalde, beren-beregiko kanpainarik izango ez dauen arren, euskera eskolak emongo dituen edota euskaltegietan ibiliko diran irakasleei zuzendutako lan-boltsea be topauko dau erabiltzaileak beharsarea.eus atarian.
Euskeraz egiten daben ume-jagole, tabernari, dendari eta bestelako langileen eskaera gero eta handiagoa da gure herrietan, eta eskaera horri erantzun nahi deutso Beharsareak, adierazo dabe ekimenaren sustatzaile diran Getxo eta Leioako udaletako ordezkariek. Euskeraz lan egiteari lehentasuna emoten jako, beraz. Horrezaz gan, zerbitzuaren berehalakotasuna be azpimarratu behar da, izan be, goizetan umeak eskolara eroango deutseen jagole bila dabizan gurasoek, esaterako, egun batetik bestera topau leikie jagole euskalduna Beharsarearen bidez.
Gaia sakonago landu nahi izan ezkero, Alkarbideko teknikariakaz berba egin zenkie alkarbide@bizkaia.eus helbidera idatziz.
Instagram eta Facebook sare sozialen bidez kanpainearen eduki digitalak zabalduko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
