Juan Crisóstomo de Arriagaren omenezko kontzertua emongo dau Botxo Boogies taldeak

Bizkaie! 2026-04-23 09:31   Musikea

Bilbotarraren heriotzearen 200. urteurrenean sortzailea omentzeko.



2026an, Juan Crisostomo de Arriagaren heriotzearen 200. urteurrena beteko da eta, beraz, Bilboko konpositore ospetsuaren figurea eta obrea omentzeko, Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunean kontzertu berezia eskainiko dau Botxo Boogies taldeak apirilaren 24an, barikuan, 19:00retan. Kontzertu horretarako sarrerak online erosi daitekez www.bilbaokultura.eus webgunean, 5 euroan.

Arriaga maisua, segurutik, Bilboko musikaririk nabarmenena izango da nazinoartean. Uriko ospetsuaren izena dauka Bilboko Arriaga Antzokiak edo Juan Crisostomo Arriaga Konserbatorioak. Aurten, 220 urte beteko dira jaio zanetik (1806ko urtarrilaren 27an), eta oso gazterik hil bazan be (1826ko urtarrilaren 17an, hemeretzi urtegaz), musika-ondare garrantzitsua itxi eban.

Arriagari Omenaldia ekimenaren bidez, autortzea egingo jako Juan Crisostomo Arriagari, Euskal Herriko Mozart deitu eutsenari. Musikari laukote batek interpretauko dau musika klasikoa eta jazza buztartuz. Haren obreari eta biziteari buruzko dibulgazino-kontzertua izango da eta uriko konpositorearen partitura esanguratsuenen zatiak interpretauko dira, besteak beste, Obertura de los esclavos felices, Sinfonía en Re eta Cuartetos de cuerda ospetsuak. Gainera, haren bizitzako pasadizoak eta datu adierazgarriak kontauko ditue adituek (Somera kalean jaio zanekoa, hamahiru urtegaz lehen operea konponidu ebanekoa, Parisera egindako bidaia hango Konserbatorio Nazionalean ikasteko (irakaslea be izan zan bertan), eta 19 urtegaz hil zanekoa, besteak beste).

Botxo Boogies musika-taldekoak orain 25 urte hasi ziran alkarregaz jozen: Jou Gonzalez (saxo sopranoa, saxo tenorea eta klarinetea), Carlos Velasco (gitarra), Edu Basterra -Teddy Baxter lez ezaguna- (baxua) eta Iñaki Jaio (bateria) dira. Laukotea Swing/Rock & Roll eta Jazz Laukote bezela sortu zan. Musika klasikoan eta jazzean tituludunak izateaz gan, besteak beste, honako talde honeekaz jo dabe: Doctor Deseo, Fito & Fitipaldis, Armando Manzanero, Pavarotti, Alejandro Sanz, Mocedades, Mike Farris, Perico Sanbeat, Ruper Ordorika edo Gontzal Mendibil.

Botxo Boogiesen Arriagari Omenaldia Bilboko Udalak Musikearen Europako 2006eko Egunerako agindutako enkarguaren bidez sortu zan. Juan Crisostomo Arriagaren obrea jazz estiloan interpretetea zan helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu