Maddi Alberdi San Martinek irabazi dau 2026ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria
2026-04-22 07:40 KultureaFeminismoari eta euskal nazionalismoari buruzko ikerketeari esker.
Ikerketeak Marcela Lagarderen kontzeptu analitikoak euskal testuingurura egokitzea ahalbidetuko dau, Latinoamerikako feminismoaren erreferente nagusietako batenak
Gatibutasunetik askapenera: Marcela Lagarderen feminismoa eta euskal emakume abertzaleen bizipenak alkarrizketan izeneko proiektuak irabazi dau 2026ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria. 2019tik emoten dan sari honek 35 urtetik beherako gazteen sorkuntza edo ikerketa-lanak babesten ditu, Humanidadeak, Kulturea, Arteak edo Gizarte Zientzien arloetan.
Epaimahaiak nabarmendu dau Maddi Alberdi San Martinek (1999) aurkeztutako proposamenaren ikuspegi teoriko barritzailea. Alberdi Gizarte Laneko graduduna da eta masterduna Europako Herrien Burujaubetzan, EHUren eskutik.
Saria irabazi dauen ikerlana egilearen doktorego-ikerketearen barruan kokatzen da eta dagoeneko material enpiriko zabala batu dau. Tesiaren asmo nagusia euskal nazionalismoaren eta feminismoaren arteko loturea aztertzea da, emakume abertzaleen ikuspegi eta bizipenak oinarri hartuta. Fase honetan, Marcela Lagarderen (1948) kontzeptu analitikoak —Mexikoko antropologo eta ikertzailea, Latinoamerikako feminismoaren erreferente nagusietako bat— euskal testuingurura ekarriko dira, testuinguru biren arteko alkarrizketea sustatuz.
Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Sariak, 6.000 euroko zuzkiduraz eta autortza publikoaz gan, aukerea emongo deutso Maddi Alberdi San Martini egonaldia egiteko Mexikoko Unibersidade Nazional Autonomoko Genero Ikasketen eta Ikerketen Zentroan (CIEG). Bertan, Lagarderen pentsamenduan sakonduko dau eta haren marko teorikoa euskal errealidadeari buruz batutako datuen analisiagaz alkarrizketan jarriko dau. Esangura horretan, ekarpen bikotxa egingo dau: alde batetik, doktorego-ikerketea aberastea, CIEGeko ikertzaileen ekarpen eta ikuspegiakaz batera eta, bestetik, Lagarderen teoriari ekarpena egingo deutso, euskal testuinguruagaz hartu-emonetan jarriz eta haren balio analitikoa indartuz.
Epaimahaiak nabarmendu dauenez, proiektuaren barrikuntza Nagusia euskal errealidadea ikuspegi transnazional batetik pentsetea da, Latinoamerikako teoria feministearen eta tokiko esperientzien arteko alkarrizketea sustatuz. Holan, proiektuak euskal gizartea ulertu, azaldu eta pentsetako kontzeptu eta ikerketa barriak ekartea dau helburu.
2026ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Sariaren banaketea Humanidade, Kultura, Arte edo Gizarte Zientzietako ibilbide nabarmenena saritzen dauenagaz batera egingo da (ebatzi bakoa), oraindino zehaztu bako egunean egingo dan ekitaldi publikoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
