Badator Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna

Bizkaie! 2026-04-21 07:50   Kulturea

Amorebieta-Etxanon izango da apirilaren 25ean.

Eskualdeko jantza taldeak Amorebieta-Etxanon batuko dira apirilaren 25ean, Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatzeko. Jantzariakaz batera Gerediaga Alkarteak koordinetan dau jaialdia, eta udalaren laguntzea be badabe.

Erakustaldia egiteaz gan, jantzaren sustapenean eragiten jarraitzea da ekimenaren helburua. Arratsaldeko 18:00etan jantza saioa eskainiko dabe herriko plazan, eta 20:30ean jai-giroa Kittu taldearen ardurea izangpo da, tabernarik taberna.

Amorebieta-Etxanok lehenengoz hartuko dau Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna. Horregaitik, pozik azaldu da Ainhoa Salterain alkatea prentsaurrekoan: lehen aldiz, Amorebieta-Etxanon Ezpatadantzari Eguna ospatuko dogu, gure sustraiak eta euskal kulturearen aberastasuna balioan jarten dituan hitzordu berezia. Harro gagoz gure tradizinoei bizirik eusten deutsegulako eta belaunaldiz belaunaldi transmitiduten dirala ikusteaz. Topaketa honek aukera parebakoa eskaintzen deusku alkarregaz konpartidu, sentidu eta herri lez dogun nortasuna indartzeko.

Jaialdia eguneratzen, jantza taldeak indartzeko

Gaur egungo joerak eta egoera soziala kontuan hartuta, jaialdia bera eguneratzen dabiz azken urteotan etah horri esker, anitzagoa eta zabalagoa da, ereduari zein lurraldeari jagokenez. Lehenago merinaldeari lotutako ekimena zana, gaur egun eskualde mailakoa bihurtu da, izan be, lehen merinaldeko ezpatajantzari taldeen erakustaldia izaten zan baina, oraingo helburua ez da erakustaldia egitea bakarrik, sustapen lan aktiboa egitea be bada. Jantza taldeek indar horren bultzadea behar dabe, lehengo indarra berreskuratu deien. Jantza taldeek sustapen horretan laguntzeko eskatuz jo eben Gerediaga Alkartera orain zenbait urte, eta hartu-emonei eusteko batzorde iraunkor bat eratuta dabe.

Plazara ahalik eta jantza talde gehien atarateko lana egiten dabe, bakotxaren eredua errespetauta. Gerediaga Alkarteko Goiatz Pelaezek ekimenaren garrantzia nabarmendu dau, jantzaz gozeteaz aparte kultur ondarearen transmisinoa lantzeko be baliogarria dalako: “gure eskualdeko tradizinoko jantza erakustea eta sustatzea dira atontzaileon helburuak. Globaltasuna espazioa irabazten dagoan gizarte honetan, segidu daigun alkarren eskutik lanean, tokiko kulturea eta nortasuna plazearen erdira ekarteko”.

Amorebieta-Etxanoko Udabarri Dantza Taldeak 60 urte

Durangaldeko herri batzuetan gorde zan ondarea berreskuratu eta sustatzeko asmoz ekin eutsen jantza taldeek Ezpatadantzari Eguna atontzeari 1967an. Iurretan izan zan lehen edizino hori. Urte batzuetako etenaren ostean, 2023an berraktibau eta orduantxe batu zan Amorebieta-Etxanoko jantza taldea ekimenera.

Aurten 60 urte bete ditu Udabarri Dantza Taldeak eta urte osoan hainbat ekintza atondu ditue urtemugea ospatzeko. Beraz, Ezpatadantzari Eguna be berezia izango da horregaitik.

1966an sortu eben taldea, euskal folklorea berreskuratu, bultzatu eta transmitiduteko helburuz. Ordutik, ehunka herritar igaro dira jantza taldetik. Amorebieta-Etxanoko jai zein ekintzetan parte hartzen dabe eta umeei zein helduei erakusten dabiz. Gazte belaunaldi barri batek plazara urten dau gainera.

Aurtengo ekitaldien bidez, jantzari izandako guztien ekarpena eta herritarren babesa eskertu gura ditue.

Apirilaren 25ean parte hartuko daben taldeak

Hamar dantza taldek parte hartuko dabe Durangaldeko Ezpatadantzari Egunean eta euretako batzuek talde bat baino gehiago plazaratuko ditue. Ondokoak dira taldeak:

  • Udabarri, Amorebieta-Etxanokoa.
  • Iremiñe eta San Lorentzo, Berrizkoak.
  • Kriskitin eta Txoritxu Alai, Durangokoak.
  • Garaiko Dantza Taldea.
  • Iurretako Dantzariak.
  • Gazte Alai, Mallabikoa.
  • Andra Mari, Mañarikoa.
  • Urduri, Otxandiokioa.

Jantzariakaz batera txistulari talde honeek be egongo dira:

  • Udazken, Amorebieta-Etxanokoa.
  • Jaizale, Durangaldeko Txistularien Alkartea.
  • Kaleik-Kale, Otxandiokoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu