1936ko gerreak Abadiñon izandako eraginak batu dituan liburua dakar Gerediagak

Bizkaie! 2026-04-17 11:33   Kulturea

Altxamendu faxisteak eta ondorengo gerreak Abadiñon izandako eraginak ikertu ditue.

Gerediaga Alkarteak, Abadiñoko Udalak babestutako egitasmoa dator orain. Urte bi joan dira ikerketa prozesuari ekin eutsenetik eta lan horren ondorioak jasoten dituan liburua datorren apirilaren 23an aurkeztuko dabe jentaurrean. Errota kultur etxean izango da ekitaldia, 18:30ean. Jesus Mari Arruabarrena abadiñarrak idatzi dau liburua, ikerketan parte hartu dauen talde zabalaren ekarpenak aintzat hartuta, taldelanaren emoitzea.

1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak izeneko liburuak jazoera historikoak, artxiboetako datuak eta herritarren testigantzak batu ditu. Urteetan isilpean, norbanakoen memorian geratu izan diran istorioak argitara ataratea izan da egitasmoaren helburua, herrian gerrako biktima izan ziranak gogoratu eta autortu. Ikerlan indibidual edo artikulu puntualetatik aparte, Abadiñoko memoria historikoa sakontasunez aztertutako lehenengo ikerketea izan da. Holan, Abadiñoko joandako denporak ulertzeko baliogarria, lan garrantzitsua da.

Liburuaren atalak

Liburua hainbat ataletan banatuta dago. Arruabarrenak idatzitako kontakizuna gerraurreko testuingurua azaltzen hasten da, Abadiñoko egoera soziopolitikoan kokatuz; gero, gerrako pasarteak eta gaiak jorratzen ditu, batuta datuak eta lekukotzak tartekatuz. Informazino barriak plazaratuko dira horri esker: Abadiñon izandako burruka eta erasoak, fusilamenduak, espetxeratzeak, karguen depurazinoak...

Horrezaz gan, Jimi Jimenez historialariak gerreagaz zerikusia izan eben abadiñarren zerrendak osotu ditu eta liburuko azken atalean agiri dira. Zerrendak tipologien arabera sailkatuta dagoz: gudari eta milizianoak, langile batailoietara behartuak, epaituak, errefuxiatu eta ebakuautakoak, bonbardaketetan hilak eta zaurituak, fusilatuak, eskumatarrak, soldadu eskumatarrak, mobilizatuak, industriako langileak eta bestelakoak. Persona horreen guztien biografia laburrak QR kode baten bidez erantsi ditu liburuan Jimenezek.

Bestalde, aitagarria da Mila Salterain eta Luis Berrizbeitiaren berbaurreak zabaltzen dauela argitalpena.

Ikerketearen pausuak

Lan luze eta sakona dago liburuaren oinarrian: dokumentazinoa aztertu, aldizkari zaharrak konsultau, argazkiak lokalizau, alkarrizketak egin eta bestelakoak, Arruabarrenagaz batera, hainbat ikerlari eta eragile ibili dira lanean prozesuan zehar. Jimi Jimenez historialaria Euskal Herriko eta Espainiako artxiboak arakatzen ibili da, Marta Calvo ikerlariak Auxilio Socialari buruzko azterketea sakondu dau eta, eragileen aldetik, Gerediaga Alkarteko eta Durango 1936 Alkarteko kideek parte hartu dabe. Bestalde, informazino iturri bezela ekarpena egin daben hainbat norbanakoren laguntzea be izan dabe.

Testigantzak

Prozesuan zehar 40 bat herritarrakaz barriketaldiak izan ditue ikerlariek eta horreetako hogei bideoan grabau be bai, Durango 1936 Alkartekoen laguntzaz. Testigantzak garaia.gerediaga.eus webgunean egongo dira ikusgai apirilaren 23tik aurrera.

Ikus-entzunezko horreen lagin bat ikusi ahal izango dabe apirilaren 23ko aurkezpen ekitaldira batuko diran herritarrek.

Liburua non eskuratu

1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak izeneko liburua ekitaldian bertan egongo da eskuragarri (euskeraz zein gazteleraz). Hortik aurrera, Abadiñoko Estankoan, Petite kioskoan eta Durangoko Arteka, Etxebarria, Hitz eta Urrike liburu-dendetan ipiniko dabe salgai. Gainera, online be erosi daiteke, Elkar webgunearen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu