Martxan da VI. Gladys Saria

Bizkaie! 2026-04-17 07:47   Kulturea

Bagilaren 1era arte aurkeztu daitekez hautagaiak.


Ezkerretik eskumara: Nerea Embeitia (Euskaltel Fundazinoa), Olatz Arbelaitz (EHU), Nerea Isasi (Gipuzkoako Foru Aldundia), Lorea Arakistain (Puntueus Fundazinoa), Noemi Ostolaza (Emakunde) eta Iker Usabiaga ( Danobatgroup) | Argazkia: PuntuEUS

Puntueus Fundazinoak eta EHUko Informatika Fakultadeak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker Gladys Sariari ekin deutse. Sari honek ingurune digitalean lanean dabizen emakume gazte euskaldunak autortu eta saritzea dau helburu, gazteentzat erreferente barriak sortzea eta emakumeen talentua teknologiaren esparruan nabarmentzea.

Gladys del Estal (1956 - 1979) informatikariaren izena daroan sari honek, haren ibilbidea omentzeaz gan, egungo gizarte digitalaren erronkei erantzuten deutsen emakumeak ezagutarazo nahi ditu. Aurreko edizinoetan Ane Iturzaeta, Olatz Perez de Viñaspre, Amaia Abanda, Lorea Argarate eta Usue Mori lako profesionalak saritu ostean, deialdi barri honek Euskal Herriko emakume teknologoen sare indartsua elikatzen jarraitu nahi dau.

Puntueuseko Lorea Arakistainek pozik iragarri dau edizino barria: oso harro gagoz emoitzakaz. Gero eta hautagaitza gehiago jasoten gabiz eta oihartzuna be gero eta handiagoa da; sarituei egiten deutsen ekarpenaz gan, gizartean dauen eragin positiboa oinarrikoa da gure helburuak lortzeko.

Gladys Saria 2021ean sortu eben, euskal ingurune digitalean erreferente barriak sortzeko helburuagaz. Bost urteko ibilbidean, gero eta interes handiagoa biztu dau, eta horren erakusgarri da urtez urte aurkeztutako hautagaitza kopuruak izandako hazkundea.

Hasieratik, sariaren helburu nagusia emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekin deiotsen animetea izan da. Esangura horretan, Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultadeko ordezkariak hezkuntzatik hasitako aniztasunaren garrantzia nabarmendu dau: hurbileko etorkizunean izango ditugun erronka teknologikoei aurre egiteko ezinbestekoa izango da lantaldeak anitzak izatea eta hori posible izan daiten, ezinbestekoa da informatika eta teknologia ikasketetara gerturatzen dan ikaslegoa bera be anitza izatea.

Erakundeen babesa eta egiturazko erronkak

PuntuEUSek eta EHUk sustatzen daben ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dauka baina bidelagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazinoa, EiTB eta EHUko Bardintasun Zuzendaritzea. Aurkezpenean eragile guztiek bat egin dabe diagnostikoan: emakumeen presentzia sustatzea ez da justizia kontua bakarrik, etorkizunerako ezinbesteko baldintza baino.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bardintasunerako Foru Organoko Nerea Isasik sariaren balio sinbolikoa eta praktikoa gogorarazo ditu: ekimen honek emakumeen barrikuntza-lana nabarmendu eta iruditeria kolektibo barria eregiten laguntzen dau, belaunaldi gazteenen artean bokazino barriak biztuz.

Era berean, ikuspegi sistemikoago batetik, Emakundeko Idazkari Nagusi Noemi Ostolazak paradigma aldaketea eskatu dau: genero-arrakalea ez da presentzia kontua bakarrik, zientziak dauen ikuspegi androzentrikoagaz amaitu behar da. Egiturazko aldaketea behar dogu, bardintasuna modu sistemikoan txertatzeko.

Industriaren bideragarritasuna eta lidergoa

Gizarte-aldaketa horrek isla zuzena dauka esparru ekonomikoan be. Danobatgroupeko Iker Usabiagak sektorearen bideragarritasunari buruzko oharra egin dau: ezin dogu industria eraldatu emakume kopuru nahikorik ez badago. Talentua sustatzea bardintasun-kontua eta industriaren etorkizunerako behar estrategikoa da.

Behar estrategiko horri erantzuteko, profesionalen jarreran eta ahaldundutzean eragitea ezinbestekotzat jo dau Nerea Enbeitak, Euskaltel Fundazinoko zuzendariak, lidergoan jarriz arretea: prestakuntzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Lidergoan eta autoestimuan eduketea oinarrizko da, emakumeek buru izateko kapaz dirala sinistu deien.

VI. edizinoko zehetasunak

Martxan dan edizinoan 40 urte arteko emakumeek parte hartu ahal izango dabe, ingurune digitaleko edozein arlotakoak. Sari bakarra izango da eta epaimahaiak honako erispide honeek izango ditu kontuan: hautagaiaren etorkizuneko proiekzinoa, egin dauen ibilbide profesionala eta emakumeak sektorean inspiretako eta ahaldunduteko gaitasuna.

Izen-emotea zabalik dago eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkeztu daitekez bagilaren 1era arte. Irabazleak 4.000 euroko ordainsaria jasoko dau.

Aurreko edizinoetako saridunak:

2021: Ane Iturzaeta Agirre.
2022: Olatz Perez de Viñaspre.
2023: Amaia Abanda Elustondo.
2024: Lorea Argarate Zubia.
2025: Usue Mori Carrascal.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu