Azkuna Zentroak 'Fritz Lang Amerikan' zikloa atondu dau
2026-04-16 08:20 KultureaAro amerikarra ardatz dauen zinemagile alemaniarraren filmografia barrikusteko zikloa.
Programa honetarako hautatutako zazpi filmek Lang-en filmografian askotan agertzen diran gai batzuetan sakontzen dabe: personearen hauskortasun morala sistemearen aurrean; diktadura betean, egunkari baten erredakzinoan; hartu-emon sentimentaletan egon daitekezan prozesu judizialak; Fritz Langen filmetako protagonisten unibersoak; egia nahasgarria; eta duda-mudako justizia.
Nazismotik igesi, zinemagile alemaniarrak lurralde barri bat topau eban sorkuntzarako AEBetan, Hollywooden. Hogei film baino gehiago zuzendu zituan, bere burua berrasmau, eta krimen eta noir zinemearen oinarriak ezarri zituan.
Gaur egun, muturreko diskursoak berpizten dabiz eta arrakalak ikusten dira instituzino demokratikoetan. Gauzak holan dirala, Fritz Lang-en zinemeak sekula baino gaurkotasun gehiago dauka. Bere lanak gogora ekarten deuskuz egiturazko indarkeria, manipulazino kolektiboa eta bidebakokeria ez dirala abstrakzino historikoak bakarrik, errepetidu daitekezan dinamikak baino
Ziklo honek ibilbide berezia egingo dau zinema klasikoaren etapa erabagigarri batetik eta, gainera, konbita da orainari begiratzeko XX. mendeko zinemagilerik handienetako baten buru-argitasun gupidabakoagaz.
Fritz Langen unibersoa ulertzeko zazpi film
Thea von Harbou-ren Metropolis (1925) eleberria 2026an agertu da, Lang-ek 1927an zuzendutako izen bereko film mitikoaren oinarria. Zinema mutuaren klasiko honen proiekzino bategaz hasiko da zikloa, zientzia fikzino modernoaren jatorria.
AEBetan hamarkada bat baino gehiago igaro eta sei film egin ondoren, proiektu barri batean sartu zan, herrikide eban eta erbesteratuta be baegoen Bertolt Brecht-en eskutik. Antzerkigile eta poeta ospetsuagaz batera, Hangmen Also Die! (1943) lanaren gidoia egin eban. Faxismoaren kontrako burrukeari egindako ekarpen personala.
Zinema baltzeko Scarlet Street filma (1945) umiliazinoari eta egiturazko indarkeriari buruzko tratadu bat da. Argi erakusten deusku zelan hondatzen daben obsesinoak eta printzipiorik ezak gizabanako arrunt bat eta justizia, sarritan, egiaren menpean baino gehiago kasualidadearen edo itxurakerien menpean dagoala.
Programeak Rancho Notorious (1952) be eskainiko dau, Lang-ek Hollywooden filmau zituan hiru western-etako azkena. Akaso, personalena, eta Marlene Dietrich aktoreen zerrendan dauena. Clash by Night (1952) zinema baltzeko film berezia da, krimenik bakoa, eta melodramatikoa, amodiozko triangelu batean oinarritzen baita. Darion errealismo sozialari eusten jako, Clifford Odets-ek ekarria, filma haren libretoan inspirauta baitago.
While the City Sleeps filman (1956), krimena atxakia da ikusleak komunikazino-talde boteretsu baten zirrikituetan sartzeko. Kazetaritzako erredakzino bat gerra-zelai korporatibo bihurtuta. Anbizino profesionalak hartu-emon personal intimoenak be usteldu daitekezala islatzen dau.
Beyond a Reasonable Doubt (1956) filmagaz zarratuko da zikloa, Lang-en Amerikako aldiko azken filma. Gero, Alemaniara bueltau, eta filma egiten jarraitu eban. Lang-ek hasi bezela amaitu eban Amerikako etapea, sistema judizialaren hutsune eta akatsen kontrako salaketa gordin eta gogorragaz.
Egitaraua
✺ Metropolis (1927) | Apirilak 21.
✺ Hangmen Also Die! (1943) | Apirilak 28 eta 30.
✺ Scarlet Street (1945) | Maiatzak 5 eta 7.
✺ Rancho Notorious (1952) | Maiatzak 19 eta 21.
✺ Clash by Night (1952) | Maiatzak 26 eta 28.
✺ While the City Sleeps (1956) | Bagilak 2 eta 4.
✺ Beyond a Reasonable Doubt (1956) | Bagilak 9 eta 11.
Saio guztiak Jatorrizko Bersioan Azpitituluakaz (JBA) eskainiko dira.
Sarrerak Golem Alhóndiga webgunean erosi daitekez.
Zinema elkarrizketak Mediatekan
Ziklo honegaz lotuta, Mediatekako Zinemako Elkarrizketen programazinoak zuzendari alemaniarraren figurea dau ardatz maiatzaren 19ko saioan, Scarlet Streeten bidez. Film honek ondoen islatzen dau espresionismo alemaniarraren eta Hollywoodeko zinema baltzaren narratibearen fusinoa. Erea berean, Mediateka BBKn ziklo honegaz zerikusia daben filmak eta liburuak konsultau eta eskatu daitekez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
