'Ezer ez delako amaitzen'

Bizkaie! 2026-04-16 07:50   Kulturea

Orain 90 urte erbesteratutako gerrako umeen memoria eta gaurko gazteen ahotsa batzeko.



Ezer ez delako amaitzen
egitasmoa memoria historikoa, hezkuntzea eta sorkuntza garaikidea buztartzen dituan proiektua da. Intxorta 1937 Kultur Alkarteak bultzatuta eta Loraldiaren lankidetzeagaz jorratuta, 2027an beteko dan 90. urteurrenari begira sortu da: orain 90 urte, milaka euskal umek kanpora joan behar izan eben 1936ko estadu golpe frankistearen ondorioz. Egitasmoak nahikoa hur dagoan hori gogora ekarri eta gaurko munduagaz lotu nahi dau, faxismoa, gerra egoerak, lekualdatutako edo erbesteratutako umeen errealidadeagaz eta gizartean ditugun erronka etiko eta politikoakaz.

Proiektu honen aurkezpenean izan dira Juan Ramon Garai, Intxorta 1937 Kultur Alkartekio ordezkaria; Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Igor Martín de Vidales, Ezer ez delako amaitzen ikuskizunaren gidoiaren egilea eta zuzendari artistikoa; Markel Iragorri, Nahia Ruiz eta Enara Garcia, Ibarrekolanda BHIko ikasleak eta ikuskizuneko parte-hartzaileak.

Prentsaurrekoan proiektuaren jatorria, memoria historikoaren ikuspegia, sormen-prozesua eta gazteek bizi izan daben esperientzia partekatu dira.

Ezer ez delako amaitzen ikuskizuna: 82 gazte oholtza gainean, bost emonalditan

Ikasturte osoko prozesu horren emoitzea da Ezer ez delako amaitzen izeneko ikuskizuna. Antzerkia, musikea eta jantzak buztartzen dituan ikuskizuna, Igor Martín de Vidalesen gidoi eta zuzendaritzapean, Jaime Valverderen zuzendaritza-laguntzinoagaz eta Joseba Sarrionaindiaren testuetan oinarrituta.

Proposamenak collage egitura dauka eta lehenaldiko pasarteak gaur egungo jazoerakaz buztartzen ditu gazteen ikuspegitik. Historia ez dala lineala, ziklikoa izan daitekeela gogorarazoten dau, eta ondoko galderak jarten ditu erdigunean: zertarako gogoratu, zer balio dau memoria historikoak, eta zer egin faxismoaren, inperialismoaren eta arrazakeriaren aurrean.

Ikuskizunean 82 gazte izango dira oholtza gainean, proiektuan parte hartu daben bost ikastetxeetakoak. Saio guztietan proposamen bera eskainiko da. Ikuskizunak bira formatua izango dau eta ondoko herrietan eskainiko da. Emonaldi guztietan proposamen eszeniko bera aurkeztuko da, proiektuan parte hartu daben ikastetxe guztietako gazteek interpretauta:

● Apirilaren 24an, 19:00retan: Barakaldo, Clara Campoamor.
● Maiatzaren 1ean, 19:00retan: Durango, San Agustin Kulturgunean
● Maiatzaren 8aan, 19:30ean: Donostia, Antzoki Zaharra.
● Maiatzaren 15ean, 19:00retan: Gasteiz, Salburuako ekitaldi aretoa.
● Maiatzaren 22an, 19:00retan: Gernika, Lizeo Antzokia.

Omenaldia

Egitasmoaren hirugarren ardatza omenaldia da. 2026ko maiatzaren 22an, arratsaldeko 19:00retan, Gernikako Lizeo Antzokian, gazteek protagonismoa izango daben autortza ekintzea egingo da, 1936ko estadu golpe frankistearen ondorioz erbestea ezagutu Eben umeak eta euren familiak omentzeko. Bertsolari gazteek zabalduko dabe ekitaldia, ondoren Ezer ez delako amaitzen ikuskizuna eskainiko da.

Alkarlana eta babesletza, proiektuaren oinarrian

Intxortak nabarmendu nahi dau egitasmo hau alkarlanari esker eregi dala. Intxorta 1937 Alkarteak proiektua sortu eta bultzatu dau; Loraldiak eskoletako transmisino lanketea egin du eta produkzinoaz eta komunikazinoaz arduratu da; eta bost ikastetxeek oinarrizko inplikazinoa izan dabe, bai ikasleen parte-hartzea ahalbidetuz, bai irakasleen bidez egitasmoa hezkuntza prozesuan txertatuz.

Horrezaz gan, proiektuak hainbat erakunde eta eragileren babesa jaso dau. Egitasmoak Laboral Kutxa, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dau. Emonaldiei jagokenez, Durango, Donostia, Gernika eta Gasteizko udalen laguntzea jaso dau, baita Barakaldoko Sasiburu Euskera Taldearena be.

Proiektuaren harian, 10 talde memorialista dagoz inplikauta. Babes publiko eta pribatu horri esker egin da posible memoria, hezkuntza eta sorkuntzea buztartzen dituan egitasmo hau aurrera eroatea.

Kontuak kontu, Intxortaren ustez, Ezer ez delako amaitzen lako egitasmoek erakusten dabe memoria historikoa lantzea ez dala joandako jazoeren kontaketa hutsa. Gaurko gizarteari egindako galderea da. Zer jazoten da faxismoa barriro indartzen danean? Zer esan gura dau umeak barriro erbesteratuak ikusteak? Zer egin geinke injustiziaren aurrean? Gazteakaz batera sortutako ikuskizun honek memoria gorputzetik pasetea proponidu eta gizarte osoari begiratzeko modu arduratsuago bat aktibau nahi dau.

Alkartekoen eretxiz, holako proiektuek erakusten dabe memoria lantzeko modu barriak beharrezkoak dirala: zorrotzak, sentiberak, garaikideak eta belaunaldi barriakaz konektetako kapaz diranak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu