Lea Ibarrako Mankomunidadeak Lea Naturbidea ibilbide historikoa barritu dau
2026-04-15 07:43 KultureaEskualdeko historia, naturea eta etorkizuna batuko dituan ibilbidea.
Lea Ibarrako Mankomunidadeak Lea Naturbidea barritu dau, Lea ibaiak Munitibarretik Lekeitioraino egiten dauen ibilbide historikoa. Lea ibilkuneari jarraituz Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa zeharkatzen ditu. Orain, igarotako denporetan bezela, eskualdeko naturea, historia, ondarea eta etorkizuna batzen dituan espazio bizi bihurtzen da barriro naturbidea.
Lea Naturbidea ez da ibilbide barria, mendeetan zehar eskualdeko bizitza ekonomikoa, soziala eta kulturala artikulau dauen bidea baino. Antxina herriak, personak eta jarduerak batu dituan ardatz naturala: ibilbidea lan eta merkataritza bidea izan zan, baserrietako produktuak azoketara, burdinoletako burdina, garia errotetara, arraina eta ardaoa eroateko. Milaka personek erabilten Eben eskualdeko eguneroko biziteari eusteko. Gaur, ondare hori barriro be balioan jartea da egitasmo honen helburua, nabarmendu dabe Lea Ibarra Mankomunidadeko ordezkariek.
Lea Naturbideak naturea eta ondarea buztartzen ditu, uraren indarrak milaka urtez apaindutako ingurunean. Ibilbidean zehar ondare industrialaren, landa-arkitektura tradizonalaren eta paisaje baliotsuen aztarnak topauko doguz. Horrezaz gan, euskerea arnasten da bide guztian zehar, presentzia eta asko erabilten da eskualdean: Lea Ibarran euskeraz bizi gara eta, horrek, berebiziko garrantzia dau guretzat. Ibilbideak ez ditu espacio fisikoak bakarrik lotzen, baita bere hizkuntza eta identidade kulturalari bizirik eusten deutson komunidade bat be. Zeregin hori be beteko dau gaur aurkezten deutsuegun Lea Naturbidea proiektuak, azpimarratu dabe.
Lea Naturbidearen berreskuratzearen helburua da lurraldearen garapen orekatuaren aldeko jarrera arduratsua. Eskualdea indartu eta tokiko aukera ekonomikoak modu jasangarrian aktibetea: Lea Naturbidea komunidadearen zerbitzura dagoan azpiegitura izatea nahi dogu. Lea Ibarrako eskualdean eta inguruan bizi diran herritarrek ezagutu eta bizia emon deiotsela. Aldi berean, belaunaldiak konektetako baliogarri izango da eta, zelan ez, gure ingurunea jagoteko eta kontzientzia sortzeko. Nor izan ginan eta nor garenaren erakusle izango da, zehaztu dabe.
Lea Naturbidea garapena ulertzeko modu barri bat da, joandakoak berreskuratuz etorkizuna eregiten dauena. Tokiko identidadea sendotuta naturearen, ondarearen eta komunidadearen arteko lotureari bizirik eutsiko deutsona.
Lea Naturbidea
Ezagutzeko eta erabilerea errazteko, ibilbideak bere webgune propioa dau: leanaturbidea.eus eta, bertan, ibilbide, histori, interesgune, etapa, plan, herrietako eskaintzeari eta bidearen ezaugarriei buruzko informazino zehatza eta praktikoa jaso dira.
Horrezaz gan, proiektuak kanal propioak ditu sare sozialetan, Instagram (@leanaturbidea), Facebook (@leanaturbidea) eta TikTok (@leanaturbidea), eta bertatik nobedadeak, jarduerak, eskualdeko
ondareari buruzko edukiak eta ibilbidea deskubriduteko proposamenak konpartiduko dira.
Lea Naturbidean zehar ibilaldiak errazteko seinale eta panelak ipiniko dira. Modu horretan, informazino zehatza eta praktikoa eskuragarri egongo da ibilbidean zehar.
Historia eta balioak
Badira bideak herritarrek egiten dituenak, leku beretik milaka aldiz igarota urratzen diranak. Badira bideak buruzagien aginduz eregiten diranak, egitasmo handi baten barruan, puntu bi lotzeko
egiten diranak. Eta badira bideak, natureak berak sortu dituanak. Esate baterako, ibai baten etenbako besarkadeagaz, milaka eta milaka urtez, mendi artean zabaldutakoak.
Herritarrak bertan ibili aurretik, ostera, Lea ibilbidea lanerako bitartekoa izan da: baserriko produktuak merkatuetara eroateko, Errioxatik ardaoa ekarri eta harantz arraina bialtzeko, oletako burdinak mundurantz zabaltzeko, bertako errotetan garia urun bihurtzeko... milaka pausu batera eta bestera herritarren bizimodua errazteko.
Lea ibaia laburra da. Laburra eta bizia. Oiz mendiaren ipar isurialdean, Munitibarren jaioten da bere ur emaria. Inguru horreetan eratu ziran gizakien lehen bizileku egonkorrak. Ordutik 1.000 urte baino gehiago igaro dira.
Aulesti, Gizaburuaga eta Amoroto kurutzatu ondoren, beste muturrean, Mendexan, Learen bokalean, erromatarren sasoitik honainoko jarduerearen aztarna arkeologikoak dagoz.
XVI-XVIII. mendeak izan ziran urrezko aroa Lea Ibarrako eskualderako. Burdinolak, ontziolak zein itsas-nabegazinoa Europako abangoardia ziran. Naturbide hau horren guztiaren erakusleiho da. Ibilbide honetan, Lea ibaiaren izana aldatzen doa. Itsasora gerturatzen doan neurrian bizia hartzen doa Oiz median jaioten dan ur-arrastoa. Bidean topau daitekez historia eta istorioak. Eskualdearen izana eta nortasuna. Euskerarik bizienean dabizen herritarrak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
