'R&J' Bilbon antzeztuko dabe egunotan

Bizkaie! 2026-04-14 07:53   Kulturea

Natalia Menendezek Zuzendaritza Eszenikoko tailerra emongo dau.

La Dramática Erranteren Romeo y Julieta lanaren barrikuspen garaikidea, BBK Salagaz batera produzidutakoa, gaztelaniaz (apirilak 16, 17 eta 18) zein euskeraz (hilak 19) ikusi ahal izango da, Euskadin eta Estaduan 30 emanaldi baino gehiago egin ondoren.

Horrezaz gan, apirilaren 17an eta 18an, Bilboko guneak erakusketa eta antzerki-prestakuntzea buztartzearen aldeko apustua indartuko dau; horretarako, igaz Arriaga Antzokiko Kristalezko zooa produkzinoa zuzendu eban dramagile, zuzendari eta aktore madrildar ezagunaren ikastaroa atondu dau.

R&J

Obrearen erabateko estreinalditik sei hilabete pasau diranean, Bilboko BBK Salaren bederatzigarren antzerki-produkzino propioa urira bueltauko da lau ikuskizun eskaintzeko, Euskadin eta Estaduko hainbat antzokitan 30 data baino gehiagoko bira arrakastatsua egin ondoren. La Dramática Errante (María Goiricelaya eta Ane Pikaza) konpainia bilbotarrak Shakespeare-ren Romeo eta Julieta klasikoari buruz egindako barrikuspen garaikide hau gaztelaniaz ikusi ahal izango da apirilaren 16, 17 eta 18an, eta euskeraz apirilaren 19an. Sarrerak salgai dagoz bai webgunean, bai BBK Salako leihatilan, 18 euroan.

Kontuak kontu, Bilboko geldialdiaren ondoren, bireak ez dau etenik izango. María Goiricelaya-k egokitua -Shakespeareren jatorrizko klasikoan oinarrituta- eta zuzendua, obreak maitasunari begirada barritua proponiduten deutso, Goiricelayaren eretxiz, fluidotasun emozionaleko, sare sozialetako eta hartu-emon sexoafektiboen forma barrietako garaiotan. Muntaketeak maitasun erromantikoaren mitoa -esklusiboa, binarioa, tragikoa- dudan jarri eta gaur egun dan bezela besarkatzen dau: likidoa, anitza, aldakorra, korporala, disidentea.... Holan, eszenan Veronako bikote ospetsuaren historia bisitetan da gaur egungo ikuspegitik, eta gaur egun maitale izateko beste modu batzuk erretratetan dituen hainbat istorio eta personaiaren bidez, belaunaldi barriakaz zuzenean konektauta, izan be, R&J BBK PACT proiektuaren esparruan sortu zan; BBK-k nerabeakaz -edadeagaitik, gaur egungo Romeo eta Julieta litzatekezanakaz- landutako proiektua da, alkarregazko jagoletzaz, hartu-emon osasuntsuez eta autojagoletzaz hausnartzeko.

R&J-ko aktore-taldea, gaztelaniazko zein euskerazko bersinoetan, Aitor Borobiak, Nagore Gonzálezek, Egoitz Sánchezek, Luix Mitxelenak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante konpainia) produktore ejekutibo kide be badana) osotzen dabe. Eszena-proposamenean aparteko garrantzia dabe eszenografia eta jantzi proposamen apurtzaileak (Azegiñe Urigoitia) eta ezusteko musika-hautaketak eta soinu-espazioak (Ibon Belandia).

Beste alde batetik, BBK Salak Dirigir: Nociones y volar eszena-zuzendaritzako tailerra be hartuko dau aste horretan, Natalia Menéndezek eskainia, apirilaren 17an eta 18an, goizez. Holan, Bilboko Kale Nagusiko guneak erakusketa eta prestakuntzea buztartzearen aldeko apustua indartuko dau; hori bera egin dau aurreko urteetan be, arte eszenikoen hainbat arlori buruzko mintegi profesionalak aldizka atonduta. BBK Sala ez da antzoki bat bakarrik, arte eszenikoetako profesionalentzako topagunea, ikasteko lekua eta bultzadea be bada, aldarrikatu dabe Aretoko arduradunek.

Natalia Menéndez (Madril, 1967)


Zuzendaria, dramagilea, aktorea eta pedagogoa da; Antzerkian lizentziaduna eta masterduna (Eszena-zuzendaritza adarra) Madrilgo Arte Dramatikoko Errege Eskola Nagusian (RESAD) eta Interpretazinoko goi-diplomaduna (RESAD). 40 urteko karreran berrogei bat eszena-zuzendaritza egin ditu, bai antzerkian, bai jantzan, musikan, zarzuelan eta ganberako operan. Barriena, hain zuzen be Bilbon, Arriaga Antzokiko El zoo de cristal / Kristalezko zooa produkzinoan izan baita, beraren Tennessee Williamsen klasikoaren egokitzapena. Bertan, Mikel Losadak, Ione Irazabalek, Miren Gaztañagak eta Arnatz Puertasek osotutako euskal aktore-taldea zuzendu eban.

Tresnak finkatu eta sormen-prozesuak ordenau nahi dituen eszena-zuzendaritzako profesionalei zuzenduta, tailerrak ibilbide praktikoa proponiduten dau muntaketa baten faseetan zehar: testuaren aukeraketatik eszenaratzera arte. Abiapuntutzat, Roland Topor dramagile frantziarraren El invierno bajo la mesa erabiliko da. Ikasle kopuru murritza izango dauen tailerrak parte-hartzaileak gonbidauko ditu proponidutako testu horretatik abiatuta beren zuzendaritza-zirriborro propioa jorratu deien. Matrikuleak 45 euro balio dau (bai webgunean, bai BBK Salako leihatilan), 10:00etatik 14:00etara izango da egun bietan, eta oraindino badagoz leku libreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu