Sorgin eta hereje edo lotsabakoei buruzko liburua plazaratu dau Ander Berrojalbizek

Bizkaie! 2026-04-13 07:40   Kulturea

Durangarraren liburu barria eskuragarri dago liburu-dendetan.

Bilboko El Gallo de Oro argitaletxeak argitaratua, Mapas del tesoro. Brujas, herejes y otras musas dau izenburu. Liburua hainbat gairi buruzko artikulu laburrez osotuta dago, euren artean Euskal Herriko sorginkeriaren historia eta Durangoko hereje edo lotsabakoak nabarmentzen diralarik. Idatzietan, adibidez, 1507ko sorgin-errete ospetsua Oñatin jazo zala lehenengoz jakinarazoten da, segurutik, bertako agintariek eginda, eta akaso prozesu horreek eragin ebela Espainiako Inkisizinoaren lehen sorgin-ehiza handia, Bizkaian 1508 eta 1509 artean jazo zana. Bestalde, 1507ko erreketetan hildako emakumeen kopurua baieztatuko balitx, 30 emakume baino gehiago, hildako kopuruari jagokonez, horixe izango litzateke peninsulan ustezko sorginkeriagaitik izandako sarraskirik handiena.

Beste artikulu batek, La persecución de la brujería en la Navarra libre izenekoak, Gaztelaren konkistearen ondoren 1527 eta 1620 artean Pirinioetako iparraldean subirano mantendu zan Nafarroako sorgin-ehizari buruzko dokumentu-isiltasunaren erabilera ideologikoa kritiketan dau, izan be, testuak erakusten dau isiltasun hori ez dala holakoa, eta jazoerak (flagelazinoak, kartzeleratuak, torturea) eta horreen biktima izan ziran emakumeen izenak berreskuratzen ditu.

Era berean, liburuko artikulu bi XV. mendeko Durangoko lotsabakoei buruzko topakuntza barrien gainekoak dira. Lehenengoak 1430eko hamarkadearen amaieran uribilduan eta inguruetan lotsabakokeria zabaldu eben frantziskotarren aurretiazko ibileren barri emoten dau; bigarrenak, barriz, XX. mendeko lehen hamarkadetan Durangoko Udal Artxibotik desagertutako dokumentu biren edukiaren zati bat berreskuratzen dau, gainera, errepresaliautako biren eta euren zenbait jarraitzaileren nortasunak jakinarazoz.

Liburuaren aurkezpenak

  • Durangoko Arte eta Historia Museoan, apirilak 14an eta 28an eta maiatzaren 12an.
  • Oñatiko Kultur Etxean, apirilaren 21ean.
  • Iruñako Katakrak Liburudendan, maiatzaren 5ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu