Lau gaztek parte hartu ahal izango dabe XII. Basque Internship at The Guggenheim New York programan

Bizkaie! 2026-04-10 09:50   Kulturea

Eskabidea egiteko azken eguna apirilak 13 izango da.

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek EAEko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en esperientzia profesional bat izateko aukerea eskaintzen dabe beka-programa honen hamabigarren deialdiari esker. Aurtengo edizinoa urria eta abendua bitartean izango da. Izena emoteko epea apirilaren 13an amaituko da, eta hautatutako gazteek 6.000 dolarreko diru-laguntzea jasoko dabe.

EAEko ikasleei zuzendutako udagoieneko beka-programa honek esperientzia profesionala eskaintzen dau arteagaz eta museoen jardunagaz zerikusia daben gaietan trebatzeko New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumeko hainbat arlotan. Praktikaldiak graduau barri diran ikasleei (2025ko urriaren 6tik aurrera) zein graduaren azken urtea edo graduondoko ikasketak egiten dabizan ikasleentzat dira, beti be baldintza bi honeek beteten baditue: EAEn jaioak izatea edo bertan bizitea 2024eko urtarrilaren 1etik eta ingeles-maila altua izatea, ahoz nahiz idatziz. Hainbat arlotan lan egiteko aukerea eskaintzen dabe, besteak beste, arte-ardurea, erakusketen diseinua, komunikazinoa eta marketina, hezkuntzea eta garapena.

Praktikaldiak irauten dauen bitartean ikasleek banakako proiektu bat landu beharko dabe, bileretan parte hartu eta praktikaldia egiten dabizan arloari jagokozan jarduerak bete beharko ditue; eta esperientziaren osogarri, bisitaldiak egingo ditue erakusketa-aretoetara, bilduma pribatuetara, enkante-etxeetara eta uriko beste museo batzuetara.

Interesdunek Museoaren webgunean ikusi leikiez oinarriak eta bertan dago izena emoteko aukerea 12ra arte; informazino gehiago hemen

Programeari lotutako edozein zalantza edo galdera izan ezkero, jarri Museoagaz hartu-emonetan: basqueinternships@guggenheim-bilbao.eus.

Ikasleentzako bekak bai artista hasibarrientzako egonaldi-programa 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak eta Solomon R. Guggenheim Foundation-ek proiektu barrien bidez erakunde bien arteko hartu-emonak sendotzeko sinatu eben Kudeaketa Akordioa barritzearen parte dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu