VI. Txakomic, Galizia konbidadu dalarik

Bizkaie! 2026-04-09 11:26   Kulturea

Apirilaren 17tik 19ra egingo da Leioako Mendibile Jauregian eta Bakioko Txakolin Museoan.

Edozeinentzako egitarau potoloa iragarri dabe, besteak beste, showcooking-ak, komentatako probetako saioak, zuzeneko ilustrazinoa, musikea, umeentzxako tailerrak eta Zurrut! komiki eta ilustrazino azokearen lehen edizinoa. Jaialdiak Bizkaiko txakolinaren, gastronomiaren eta komikigintzearen arteko loturea sendotzen jarraitzen dau, eta aurten Galizia konbidau berezia izango da

Txakomic gastronomia eta kultur jaialdia hemen da eta Bizkaiko kultur eta gastronomia proposamen berezienetako bat izango da. Apirilaren 17tik 19ra, Mendibile Jauregiak (Leioa) eta Bakion kokatutako Txakolin Museoa – Txakolinguneak jarduera-programa berezia eskainiko dabe, Bizkaiko txakolinaren inguruan gastronomia, ilustrazinoa, musikea eta komikia buztartuz.

Hiru egunetan zehar, ardaogintzeak, sukaldaritzeak eta artegintzeak modu naturalean buztartutako esperientziez gozau ahal izango ditue ikusleek, gusto, mahastien eta ilustrazinoaren arteko topaketa sortzaileak eratuko baitira. Edizino honetan, Galizia izango da eskualde gonbidadua, eta alkartruke gastronomiko eta kulturala ezarriko da lurralde bien artean, nortasun atlantikoak, sukaldaritzako tradizinoak eta produktuaren aurreko errespetuak batuta.

Mendibile Jauregiak sabore galiziarrakaz ekingo deutso jaialdiari

Apirilaren 17an, barikuan, arratsaldeko 19:00retan hasiko da Mendibile Jauregian, Bizkaiko txakolinak eta Galiziako gaztaia buztartuko dituan esperientzia enogastronomiko bategaz.

Probetako saioa Silvia Landeira sommelierrak eta Maria Morak, Manducatecaren sortzaileak, zuzenduko dabe, eta txakolinaren ñabardurak eta iparraldeko saboreakaz dauen afinidadea balioan jarriko dituan probetako aukera berezi baten bitartez gidatuko ditue bertaratutakoak. Esperientzian hiru txakolin eta Galiziako hiru gaztai probetako aukerea egongo da.

Jardueran zehar, Mamen Moreu ilustratzaileak zuzeneko ilustrazino bat egingo dau, esperientzia sensorial hau aberastuko dauen dimensino artistikoa erantsiz.

Gastronomia, komikia eta musikea zapatuko jardunaldian

Apirilaren 18an, Zurrut! komiki eta ilustrazino azokearen lehenengo edizinoagaz hasiko dan kultur eta gastronomia jardunaldia hartuko dau Mendibile Jauregiak. Artista, ilustratzaile eta ikusleen arteko topagunea izango da, 12:00etatik 15:00etara eta 17:30etik 20:00etara.

Eguerdiko 12:00etan itsasoko eta mendiko gastronomia galiziarrari eskainitako showcookinga izango da eta bertan, Casa Galicia jatetxeak sukaldaritzako hainbat proposamen egingo ditu, hautatutako hiru txakolinen arteko buztarketa berezia. Roberto Sarriugarte sommelierrak zuzenduko dau probetako saioa eta Susanna Martin ilustratzaileak prozesua islatuko dau zuzeneko marrazki batean.

13:00ean, Folk Terra Nai taldearen kontzertua izango da, Char-lee Mittoren zuzeneko ilustrazinoakaz batera, musikea eta denpora errealeko ilustrazinoa lotuko dituan proposamenean.

Arratsaldean, 18:00etan, umeek maskara tailer batean parte hartu ahal izango dabe; Ruth Juanek dinamizauko dau olgetearen bidez sormena suspertzeko pentsautako jarduera hau.

Jardunaldia 18:30ean osotuko da "Saltsa Nostra" komiki formatuko lehenengo euskal sukaldaritza liburuaren aurkezpenagaz, Iker Bildosola eta Sergio Ortiz de Zarateren eskutik. Ekintza honen barruan txakolin eta gaztaia probetako aukerea be izango da.

Txakolin Museoa-Txakolinguneak (Bakion) zarratuko dau sukaldaritza, ardaogintza eta ilustrazinoaren arteko jaialdia

Apirilaren 19an, domekan, jaialdia Bakion dagoan Txakolin Museoa – Txakolingunean izango da eta bertan, amaiera jardunaldia egingo da txakolinaren kultureagaz zuzeneko loturea dauen ingurunean.

Eguerdiko 12:00etan, "Bizkaitik Galiziara, saboreez betetako bidea" izeneko showcooking eta probetako saioa izango dira, Elena Urigüen sommelierrak zuzenduta, La Rue del Percebe jatetxeko taldeagaz batera. Jarduerak irauten dauen bitartean, hainbat sukaldaritza-proposamen egingo dira, eta hautatutako hiru txakolin probau ahal izango dira. Showcookingean zehar, Raisa Álava ilustratzaileak prozesu gastronomikoan inspirautako zuzeneko marrazki bat egingo dau.

12:00etan, umeek beirateen sormen-tailer batean parte hartu ahal izango dabe. Bea Apariciok dinamizauko dau, eta parte-hartzaileek museoko leihoak adierazpen artistikoko gune bihurtuko ditue.

Txakomic

Ekimem hau Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dauen Txakolin Museoaren – Txakolingunearen, Mendibile Jauregia Alkartearen, Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturearen Kontseilu Arautzailearen eta Jata-Ondo Uribeko Landa Garapeneko Alkartearen arteko lankidetzatik sortu da eta Txakolin Museoak – Txakolinguneak hartu eban ‘Komikia' erakusketan inspirauta dago. Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batzordearen babesa dau.

Bizkaiko txakolinaren tradizinoaren eta euskal komikigintzearen arteko lotura-prozesuaren ondorioz sortu zan proiektua 2021ean, herritarrei lurreko ardao bereizgarrienaren eta marrazkiaren arteko buztarketea erakusteko asmoz. Seigarren edizio hau Kike Infame ilustratzaileak koordinau dau.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu