La Encartada Fabrika-Museoak ¿Verdad o Mentira? antzerki-esperientzia hartuko dau

Bizkaie! 2026-04-09 09:23   Kulturea

MusEkintzak esperientziak eskaintzen jarraitzen dau Bizkaiko foru museotan.

La Encartada Fabrika-Museoak (Balmaseda) apirilaren 18an, eguerdiko 12:00etan, ¿Verdad o Mentira? esperientzia hartuko dau, berariaz MusEkintzarentzat sortutako antzerki-proposamena. MusEkintza Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako jaialdia da eta foru museoetara arte eszenikoak hurbiltzen jarraitzen dau, publiko guztientzako esperientzia berezien bidez.

Bisita gidatuan Gurutze Beitia, Itziar Lazcano, Leire Orbe, Josu Angulo eta Alfonso Díez izango dira, Marta Urcelay eta Braulio Cortésen zuzendaritzapean.

Oraingo honetan jentea ehun urte baino gehiagoko fabrikan sartuko da, argitu beharko daben bilbe edo trama bati jarraituz. Esperientziak 1937ra eroaten gaitu, Gerra Zibilera, La Encartadako makinak etenik barik martxan ebizenean. Guztia lantegian bertan egindako manta batetik abiatzen da, egia erdiakaz, gomuta zatikatuakaz eta engainu posibleakaz eregitako misterioa sortzen dauen objektutik. Publikoa kapaz ete da zer dan egia eta zer guzurra jakiteko?

Espazio berezi honetarako beren-beregi sortutako antzezpenak ikusleak museoko hainbat txokotan zehar ibiliko diran taldeetan banatzen ditu, personaia bakotxak jazoeren bere bersinoa eskaintzen dauen bitartean, ikusleek bakarrik berregin ahal izango daben puzzle narratibora pieza barriak ekarriz.

MusEkintzaren egitarauaren barruan Ez da kasualitatea eskainiko da, bertso saio feministea, maiatzaren 9an, iluntzeko 19:00retan, Muskizeko Muñatones Gazteluan. Erreserbak egiteko epea apirilaren 9an edegiko da eta bertaratzeko ezinbestekoak izango dira: 629 271 516 / www.musekintza.eus

Ez da kasualitatea bardintasuneko teknikari batek eskatuta emakumezko hainbat bertsolari, moderatzaile eta musikari bertso saio feminista berezia atontzeko batu ziranean jaio zan. Ordutik saio ugari egin ditue Euskal Herriko plazetan, eta erreferentziazko ikuskizun bihurtu da.

Bat-bateko musika-emonaldia da, eta bertsolariek gitarrea, biolina eta saxoa oinarri hartuta sortzen ditue bertsoak, moderatzaileak proponidutako gaiak erabiliz. Umorea, olgetea, hausnarketea eta interpreteen, musikearen eta bertsoen arteko konplizidadea buztartzen dituan euskerazko ikuskizuna da.

MusEkintza

Bizkaiko museoak eta enklabe historikoak agertoki berezi bihurtzen ditu antzerkia, jantzak, musikea, umorea eta esperientzia murgiltzaileak buztartuz. Ibilbide artistiko honen parte dira, besteak beste, Santimamiñe (Kortezubi), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Muñatones Gaztelua eta El Pobaleko Burdinola (Muskiz) edo Arkeologia Museoa (Bilbo).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu