Estefanía de Pazek 'La Reina del Arga' aurkeztuko dau Bilbon
2026-04-08 12:30 KultureaRemigia Echarren funanbulista iruindarra omentzen dauen antzezlana.
Azkuna Zentroan, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroan, La Reina del Arga aurkeztuko da, eszenAZ programearen barruan. Lan honetan, Tefi de Paz Remigia Echarren bihurtzen da, eta ahotsa eta gorputza emoten deutsoz urteetan bide barik ahaztuta egon dan artista iruindarrari. Bere ogibide eta nortasunagaitik berezia, Remigia Echarren bizitea toketan jaken denporearen gainetik nabarmendutako emakume horreeetako bat izan zan. Ia bizitza osoan farandulaz eta fantasiaz, zirkuz eta magiaz elikatu zan. Ezizen artistiko bat be asmau eban: Madeimoselle Agustini.
Nor izan zan Argako Erregina, Madmoiselle Agustini edo Itzulipurdiaren erregina ezizeneko emakume hau? Nondik heldu jakon sokearen gainean ibilteko bultzadea, holako balentrien erreferentziak urri-urriak ziran sasoian?
Orain, Remigia hil zanetik 100 urte bete dirala, Estefanía de Paz Asínek funanbulisteari buruz jakin dauena kontauko deusku. Haren historiagaz liluratuta, bilatu eta topau egin dau, eta artxibautako memoriak daturik emon ez dauenean, sortzen eta eregiten jarraitu dau, emakume sinistezin hau ezagutarazoten laguntzeko.
La Reina del Arga ikuskizuna 8 urtetik aurrerako ikusle guztientzako antzezlana da eta hainbat arte eta teknika buztartzen ditu, besteak beste, narrazinoa, interpretazinoa, objektuen antzerkia, ilusionismoa, arte plastikoak eta zirkua. Ikuskizunerako beren-beregi sortutako musikea eta soinua ditu, baita zuzeneko ahotsa bre. Mobimentuan dagozan elementuak, pop up bidez sortutako eszena zabalgarriak, argi-kartelak eta objektuen antzerkiaren diziplinak. Arkakusoen Zirkuaren ideagaz gauzatzen da hori guztia. Zirku-ikuskizun horren motorra ilusinoa da eta haren lehen erreferentziak XVI. mendekoak dira.
Kontuak kontu, La Reina del Arga 2026ko apirilaren 16an ikusi geinke, 19:00retan, Bilboko Azkua Zentroan. Erosi sarrerak hemen.
Estefanía de Paz Asínek interpretazinorik onenaren 2022ko FETEN saria irabazi eban ikuskizun samur honengaitik. Zirkuko arteen historia, funanbulismoaren teknikea eta, batez be, Remigia Echarren, Argako erregina, ditu aztergai.
Estefanía de Paz Asín
Diziplina anitzeko artistea da, eta batez be zirkuan, antzerkian, jantzan eta ahotsean trebatu da. Haren komunidadeko eta peninsulako agertokirik onenetan ibili da. Era berean, sustatzailea, parte-hartzaile aktiboa, aktorea eta abeslaria izan da kaleko eta aretoko ikuskizun ugaritan. Estefanía sekulakoa da agertokiaren gainean.
Bertoko eta estaduko artistakaz lankidetzan ibili da, antzerki eta musika-ikuskizunetan, iragarki eta bideoklipetan, baita 2019ko Bruguera Saria irabazi eban Myriam Camerosen Tierra trágame eta Reina komikiaren testua barrikusten be
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
