Hezkuntzea, musikea eta narrazino digitala
2026-04-08 11:14 KultureaNazinoartean saritutako proiektu baten formulea.
Galdera horrek proiektu aurrendari bati emon eutson hasierea eta horri esker, Euskal Herriko Unibersidadeak lehen aldiz irabazi dau Grupo Compostela de Universidades erakundearen 2024-2025eko Mobikortasun Birtualeko Programako saria.
EHUko irakasle bi saritu ditue: Maria Victoria Urruzola, Gipuzkoako campusekoa, eta Ana Mendieta, Bizkaiko campusekoa. Egunerokotasunean ikasgela berean bat egiten ez daben arlo bi alkartzea izan eben helburu: gitxitan batera lan egiten daben mundu bi batzea zan asmoa: musika-hezkuntzea eta multimedia narrazinoak, azaldu dau Mendietak.
Proiektua lau astez landu eben 2025eko zezeilean eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultadeko Bigarren Hezkuntzako Masterreko eta Kazetaritzako ikasleak alkartu zituen talde mistoetan, Erasmus nazinoarteko ikasleakaz batera. Danetara, hamaika herrialdetako gazteek parte hartu eben, hizkuntza anitzeko ingurune batean eta euskerea, gaztelania eta ingelesa buztartu zituen.
Dinamikea ez zan erraza izan. Ordutegiak koordinetea, campusen arteko distantziak gainditzea eta profil oso desbardinetako jenteagaz lan egitea erronka handia izan zan. Lana bakarka egiten ohitutako ikasleek, musikakoek, lankidetza-dinamiketara moldatu behar izan eben; komunikazinokoek, barriz, interpretazino musikala eta gorputz-adierazpena txertatu zituen euren kontakizunetan.
Momentu esanguratsuenetako bat lehen saio bateratuan jazo zan, ikasle bakotxak bere bizitzako abestia konpartidu ebanean. Hortik aurrera, taldeak osotu eta hezkuntza-bideoen sormenari ekin eutsen.
Prozesua eta emoitzea sano inportanteak izan ziran. Asteetan zehar, ikasleek grabau, editau, eztabaidatu, ideak negoziau eta benetako produkzino-arazoak konpondu zituen, nabarmendu dau Mendietak. Denpora tarte horretan, ikasle askok beren konfort-zonatik urten behar izan eben, beste hizkuntza batean lan eginez, tresna barriak erabiliz edo gustuetatik urrun egozan edukiak berrinterpretauta.
Azken emoitzea TikToken argitaratutako hamaika hezkuntza-bideo izan ziran, modu kolaboratiboan sortuak eta ikasleek eurek adostutako erispideen arabera ebaluauta. Kalidade teknikoaz harago, talde-lana, sormena, pentsamendu kritikoa eta kulturarteko gaitasuna sustatzea izan dira proiektuaren indargune nagusietako batzuk: holako esperientziek erakusten dabe ikasleek zelan erantzuten daben benetako erronka baten aurrean, beren etorkizun profesionalagaz lotuta dagoanean, adierazo dau Mendietak. Era berean, azpimarratu dau hezkuntzan barrikuntza bat egiteak ez dauela beti egitura handirik eskatzen, praktikara eroandako idea onak behar ditualako.
Grupo Compostela de Universidades erakundearen autortzeak erakutsi dau proiektuaren balioa: diziplinak, hizkuntzak eta kulturak buztartzen ditu, eta EHU hezkuntza-barrikuntzan erreferente lez kokatzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
